• Landeetako Mont de Marsanen egin zituen ikasketak Cecile Ayez Xaxi 30 urteko saratarrak. Gerora, urte aunitzez enpresa batean aritu zen lanean eta orain, bere gisara besaulkiak tradizionalki berritzen hasi da.
• Bere etxea, Gantxeberria, du lantoki eta besaulkiak berritzeaz gain, berriak egin eta kalitateko ehunak ere saltzen ditu.
• Besaulki bakoitzak bere denbora behar duen arren, prozesua luzea dela aitortu digu. Dena eskuz egiten du.
Noiz eta nola hasi zinen besaulkiak tradizionalki berritzen?
Duela 10-11 urte hasi nintzen. Eskulan bat egin nahi nuen eta horretan hasteko aukera izan nuen. Zergatik tradizionala? Batez ere gehiago erakartzen nauelako. Gero horretara zuzendu nintzen, nahi gabe neurri batean. Papereztatzaile izan nahi nuen galdetu zidaten. Orduan nik ez nuen lanbidea ezagutzen ere. Uste nuen paretetan papera jartzea zela. Hasteko hiru hilabeteko ikastaro bat egin nuen lanbidea ezagutzeko eta ondotik hiru urte pasa ditut ikasten. Gero lana atzeman nuen.
Zein da zure lana?
Besaulkiak berritzen ditut. Zurezko egitura batetik abiatuta bere osotasunean: barnekoa, behekoa, bizkarrekoa eta ehunak. Eta tradizionalki denez, erresortak edo malgukiak, animalien eta landareetatik ateratako ileak erabiltzen ditut. Lan guztia eskuz egina da, tresna bakan batzuen laguntzarekin.
Zein da berritu duzun besaulkirik ederrena?
Oso politak egin izan ditut, Louis XV.aren modelokoak. Gazteluetako besaulkiak ematen zuten, handiak eta zabalak. Haiek desegitean 1870eko egunkari batzuk aurkitu nituen eta horrek hunkitu egin ninduen, XIX. mendeaz geroztik ez zuela nehork ukitu jakiteak zerbait piztu zuen nire baitan.
Zergatik erabaki zenuen autonomo gisa hastea?
Bakarrik ari eta nahi dudan bezala lan egiteko gogoa sentitu nuen eta nire ibilbide profesionalean beste urrats bat emateko tenorea ailegatu zitzaidan. Gainera etxean aritzea luxu bat da.
Administrazioaren aldetik erraz al al da norbere enpresa muntatzea?
Frantzian izigarri zaila da. Nazkagarria, luzea, paperak alde guztietatik.
Laguntzak izan dituzu?
Bultza elkarteak mailegu bat eman dit zeroko tasarekin. Iparraldeko barnealdean enpresa txikiak sortzeko laguntzak ematen dituzte eta Sara horren barne dago. Eta ASSEDICetatik langabezia beste 11 hilabetez hunkitzeko eskubidea nuen eta horren erdia eman didate hasi naizenean.
Nola dago merkatua?
Bezero gehienak pertsona arruntak dira, partikularrak %90ean, ongi bizi den jendea, aitortu behar baita diru pixka bat behar dela. Horrelako lanak ez dira beste eskulanak bezala. Denbora behar da eta horrek eragina du prezioan.
Lehiakortasun haundia dago?
Ez du ematen baina Iparraldean bagira andana. Batzuek aparrarekin lan egiten dute, mousse delakoarekin. Nik hori ez dut onartzen, tradizionalki baizik ez baitut egiten. Lehiakortasuna badago, baina momentuz bada denentzat lana.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nik uste, gisa horretarako lanek segituko dutela, gurean behintzat, sos pixka bat gelditzen delako. Baina onartu behar da gero eta gutxiago dela eta jendeak gero eta kasu gehiago egin eta zaintzen duela moltxa. Herritar guztiek ezin dute eskulana ordaindu nahiz eta politak eta aberatsak direla pentsatu.
«Bakarrik ari eta nahi dudan bezala lan egiteko gogoa sentitu nuen eta nire ibilbide profesionalean beste urrats bat emateko tenorea ailegatu zitzaidan»