Larunbat honetan, jubenil mutilen kategorian, eskubaloiko “Campeonato Vasco-Navarro” deitutako txapelketa jokatuko da Donezteben. Beraz, berriz ere goi mailako eskubaloia ikusteko aukera polita izanen da Doneztebeko kiroldegian.
Goizeko 11:00etan Bizkaia Gipuzkoaren kontra ariko da; 12:30ean Araba Nafarroaren kontra. Arratsaldeko 17:00etan hirugarren postua erabakitzeko finala jokatuko dute galtzaileek eta 19:00etan final handia.
Erran behar da Nafarroako taldean Kepa Miguel doneztebarra ariko dela.
Ultzamako Kirol Patronatuak antolatuta, berriz, jubenil mailako neskei zuzendutako lehiaketa polita jokatuko da larunbatean Larraintzarren. Goizeko 10:00etan Ultzama Errekaren kontra ariko da. 11:00etan, lehenbiziko partida hori galtzen duena Baztango Kirol Taldearen kontra ariko da eta 12etan BKT lehen partidako irabazlearen kontra lehiatuko da. Segidan, hiru taldeentzat sariak izanen dira.
Eskubaloi kontuekin akitzeko, Lizarran beteranoei zuzendutako lehiaketa antolatu da larunbatean eta bertan parte hartzekoak dira Errekako beteranoak ere.
Pilotan, Iruña-Doneztebe Herriartekoa ortziral arratsaldean Oberenan
Pilotan, Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako partidak jokatuko dituzte Iruñak eta Doneztebek, ortziral arratsaldeko 17:00etatik aitzinera Oberenako pilotalekuan. Hain zuzen, herriarteko txapelketa izan arren, Oberenakoek ordezkatuko dute Iruña eta Errekakoek Doneztebe.
Lehen partida alebinetan jokatuko dute Oberenako Okiñena eta Mariezkurrenak, Errekako Iker Salaberria eta Joel Oronozen kontra; Infantiletan, Oberenako Jaurena eta Cordon, Errekako Ibai Juanena eta Cristofer Alvarezen kontra; jubeniletan, Oberenako Soto eta Artuch, Errekako Beñat Oronoz eta Mikel Kanporen kontra eta senior kategorian, Oberenako Olangua eta Okiñena, Errekako Aritz Anguita eta Imanol Baleztenaren kontra.
Nafarroako Kirol Jolasak
Nafarroako Kirol Jolasetan, finalerdietako itzulerako partidak izanen dituzte Errekako bi bikotek. Lehen mailako alebinetan, Beti Onak taldeko bikotearen kontra ariko dira Aritz Fagoaga eta Javier Sein, Atarrabian ortziral arratsaldeko 18:00etan eta hirugarren mailako infantiletan, Julen Saldias eta Javier Saldias, Aldabideko bikotearen kontra ariko dira Arbizun, larunbat goizeko 10:30ean. Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Oier Berasategi eta Mikel Lana, Aurrerako Joanes Illarregi eta Ander Alduntzinen kontra ariko dira larunbat goizean Leitzan.
Trinketean
Espainiako Trinkete Irekian, azkenik, eskuz binaka, Errekako Babaze eta Baleztena, San Jorge elkarteko bikotearen kontra ariko dira larunbat goizean Irungo Ramuntxo Berri Trinketean.