Hirusta Abesbatzak emanaldia eskainiko du Donezteben larunbat arratsaldean

ttipi-ttapa 2009ko eka. 5a, 14:27

Hainbat sari eskuratuak ditu Hirusta abesbatzak. TTIPI TTAPA

Mendi Abesbatzak ere lau kantu abestuko ditu eta igandean Goizuetan ariko da

Udaberria ekitaldiz betea etorri ohi da Doneztebeko Mendi Abesbatzarentzat, eta aurtengoa ere ez da gutiagorako izanen. Lehendabiziko emanaldia ekainaren 6an, larunbat arratsaldeko 20:30ean izanen da Doneztebeko Elizan. Larunbat arratsalde hau berezia izanen da, Gipuzkoako Hirusta Abesbatzaren bisita jasoko baitute bigarrenez Donezteben. Abesbatz hau duela bi urte izan zen Donezteben eta orduan sorturiko adiskidetasun eta elkarlan oparoaren ondorio da Mendiko kideek gogo handiz prestatzen ari diren emanaldi berri hau.

Maila handiko abesbatza

Hirusta Abesbatza musika inguruan burubelarri dabiltzan 25 gazte inguruk osaturiko taldea da, horietako aunitz Euskal Herriko abesbatza ugaritako partaide direlarik aldi berean (Donostiako Orfeoia, KUP, Conductus…). Kontzertu aunitz ematen ditu Euskal Herrian nahiz hemendik kanpo eta hainbat txapelketatan saritua izan da. Horien artean azpimarratzekoak dira Ejea de los Caballeros-ko XXXV. Abesbatzen Txapelketan lorturiko 1. saria (2004) eta Fira de Tots Sants (Alicante)-ko Abesbatzen Txapelketan lorturiko 1. sari Nagusia eta Ikuslegoaren saria (2006). Abesbatzaren zuzendaria Patxi Tardío maisua da.

Hasieran Mendi Abesbatzak lau abesti

Emanaldi honi hasiera emateko, Mendi Abesbatzak lau abesti eskainiko ditu eta horren ondotik, Hirusta Abesbatzak bere saioa eginen du doinu erlijioso eta herrikoiak tartetakuz. Saioari akabera emateko, bi abesbatzek bat eginen dute, “Ave María eta Maitia nun zira” kantuekin guzien belarriak goxatu asmoz.

Igandean Goizuetara

Biharamunean, Mendi Abesbatza Goizuetara joanen da bertako abesbatzaren gonbiteari erantzunez, herri horretako Umore Ona Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko kontzertuan parte hartzera, Ereñozuko Ozenki Abesbatza eta Goizuetako Umore Ona Abesbatzarekin batean.

Santo Domingo de la Calzadan eta herriko San Pedro egunean

Hurrengo kontzertua eskaintzeko ekainaren 20ean Mendiko kideak urrutiago joanen dira, Santo Domingo de la Calzadara, hain zuzen ere. Nafarroako Abesbatzen Elkarteak deituta, bertako elizan Kontzertu Sakroa eskainiko dute, asteburua ingurunea ezagutzeko aprobetxatuz, bidenabar. Eta kurtsoa amaitzeko Mendi Abesbatzak Doneztebeko bestetako Meza Nagusia musikaz beteko du San Pedro egunez, herritarrek hain gustuko dituzten Tu es Petrus eta Agur Doneztebe bezalako doinuak eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun