Urtero bezala, ekaineko lehenbiziko astehondarra berezia izanen da Etxalarren. Altxata Kultur Elkarteak antolaturik, XVII. Gasna eta Artisauen Feria Eguna eginen da ekainaren 7an. Goizean goizetik, ekitaldi andana izanen da plaza bazterrean.
Moto eta bizikleta zaharren erakusketa
Aurtengo nobedade nagusia moto eta bizikleta zaharren erakusketa izanen da. Horrekin batera, Andre Mari Elkarteko emakumeek eskulan erakusketa paratuko dute Kultur Etxean eta haurrentzako aisialdi-tailerrak izanen dira plazan goiz osoan. Euskal Herri osotik etorritako artisau eta eskukangileen lanen erakusketa ere ikusgai eta erosgai izanen da goiz osoan frontoian eta plazan. Urtero bezala, Altxatako kideak taloak egiten ariko dira. Maiatzaren 23an, taloak egiten ikasteko ikastaroa antolatu zuten Larraburuan eta bertan ikasitakoak plazan erakusteko tenorea ailegatu zaie.
Eguerdian gasna lehiaketa
Eguerdian, gasna-lehiaketa eginen da. Bazkaldu aitzinetik sarituen izenak emanen dituzte eta ondotik, herriko trikitilariek saio berezia eskainiko dute. 14:00ak aldera, herri-bazkaria eginen da frontoian. Arratsaldean, Andre Mari Dantza Taldeko dantzari ttikienek euren saioa eskainiko dute, 18:00etan plazan.