Iparraldeko Joku Torneoa larunbatean abiatuko da Burlatan

Oskar TXOPERENA 2009ko ekainaren 3a

Lehiaketa hau ezik, Nafarroako eta Euskal Herriko lasto altxatze txapelketak irabazi zituen iaz Iñaki Bereau igantziarrak. TTIPI TTAPA

Eskualdeko hainbat kirolari ariko dira modalitate ezberdinetan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak bederatzigarren urtez antolatutako Iparraldeko Joku Torneoa Burlatako Larrañeta Plazan hasiko da ekainaren 6an, larunbat arratsaldeko 18:00etan, Iparraldeko Jokuen barrenean 7 modalitate desberdin sartzen dira: koxkor biltzea, ingude altxatzea, txinga eramatea, harrijasotzea, lasto altxatzea, orga jokoa eta zaku lasterketa. Torneo honetan orga modalitatea ezik gainontzeko denak sartuko dira. Probak banakakoak izanen dira eta guztira 3 jardunaldi jokatuko dira liga sistema erabiliz. Burlatako jardunaldiaren ondotik, ekainaren 14an Etxaurin eta ekainaren 21ean Lakuntzan jokatuko dira saioak. Beraz, aurten ez da gure inguruan jardunaldirik jokatuko.

Eskualdeko hainbat kirolari

Halere, eskualdeko hainbat kirolarik parte hartuko dute Iparraldeko Joku Torneo honetan. Koxkor biltzen, azken urteetan txapeldun izan den eta Euskal Herriko errekorra duen Fernando Etxegarai beratarrarekin batera, Igantziko Patxi Irazoki, Etxalarko Iñigo Lasaga eta Berriozarko Josu Jimenez, Iñaki Ekisoain eta Eder Goldarazena ariko dira. Ingude altxatzen, Igantziko Xabi Sein (iazko txapelduna) eta Karlos Sein, Iturengo Joakin Aioroa eta Berako Ander Mitxelena lehiatuko dira. Harrijasotzen Sunbillako Unai Bertiz, Leitzako Josetxo Urrutia eta Aldazko Xabier Igoa ariko dira nor baino nor. Lasto altxatzen, azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, kirolari guziak Igantzikoak izanen dira: Xabi Sein, Karlos Sein, Oskar Telletxea eta iaz, torneo hau ez ezik Nafarroa eta Euskal Herriko txapelak irabazi zituen Iñaki Bereau. Zaku lasterketan Berriozarko bi hirukote ariko dira eta txinga eramaten, Josetxo Urrutia eta Miguel Angel Sukuntza leitzarrekin, Berriozarko Imanol Martin lehiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun