Langabezia %4,6 jautsi da eskualdean maiatzean

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 3a

Datu horrek ez du baikortasunik piztu, EREek jotako inguruan

Langabeziak 47 lagunetan beheiti egin du maiatzean, %4,63 jautsiz, Doneztebeko Enplegu Bulegotik emandako datuen arabera. Orain mila langabetuen mugatik beheiti etorri da langabetu kopurua eta 968 langabetu zeuden maiatz hondarrean. Nafarroa osoan ere zertxobait beheiti egin du langabeziak, %1,63, baina Doneztebekoa da bulego guzien artean jautsiera handiena izan duena.

Baikortasunik ez

Halere, jautsierak jautsiera, datu horrek ez du aparteko baikortasunik piztu, gero eta Lan Erregulazio Espediente gehiago ezagutzen ari den eskualdean. Izan ere, EREek jotako enpresetako langileak, ofizialki langabezian ez dauden arren, lanik gabe edo hilabetean egun gutti batzuk lan eginez ari dira. Eta hori, industria arloan batipat, inguru honetako lantegi aunitzetan gertatzen ari da.

Batez ere 25 urtetik goitiko emakumeek somatu dute jautsiera

Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 280 kontratu gauzatu ziren maiatzean, eta horietatik 29 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adina eta sexuari dagokionez, batez ere 25 urtez goitiko emakumeen artean beheiti egin du langabeziak maiatzean, adin horretako 414 emakume langabetu baitzeuden, apirilean baino 45 guttiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere beheiti egin du langabeziak eta orain 422 dira, apirilean baino 3 guttiago. Gazteenen artean, aldiz, kasik berdin mantentzen da langabezia. 25 urtez beheitiko 91 gizaseme daude lanik gabe, apirilean baino 1 guttiago eta 25 urtez beheitiko emakumeen artean, aldiz, apirilean baino 2 gehiago daude, 41.

Nekazaritzan eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean langabezia goiti

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin, langabetu gehien, baina jautsiera handiena ere arlo horrek izan du maiatzean. Gaur egun 486 langabetu daude, apirilean baino 48 guttiago. Industrian ere zertxobait beheiti egin du langabeziak maiatzean eta 292 dira, apirilean baino 9 guttiago. Eraikuntzan ere apirilean baino 4 langabetu guttiago daude, 105; nekazaritzan izan du langabeziak igoerarik handiena, 19 baitira langabetuak, apirilean baino 11 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean ere 3 lagunetan goiti egin du langabetu kopuruak eta 66 ziren maiatz hondarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun