Trinitate Eguna ekainaren 7an ospatuko da Mendaurren

Arkaitz MINDEGIA 2009ko ekainaren 3a

Goizean Mendaurren meza aditu ondotik, urtegi inguruan bazkaltzeko ohitura dute iturendarrek. TTIPI TTAPA

Arratsaldean bestak segida izanen du Iturenen

Ekainaren 7an ospatuko da Trinitate Eguna. Goizean Mendaurrera igo eta ermitan meza entzuteko aukera izanen da eta urtero bezala, menditik hurbileko herrietatik, Arantza, Ituren, Zubieta eta Sunbillatik, batez ere, hainbat lagun hurbilduko dira goiza erromeria giroan pasatzera. Eguerdian, berriz, inguruan bazkaltzeko ohitura izaten da. Iturendarrak enbaltseetara jaitsi eta lagun artean bazkaltzen dute. Ohiturari segituz, Iturengo Ibintza Kultur Taldeak bazkaria antolatu du egun horretarako eta izena eman nahi duenak Herriko Ostatuan eta harategian egin beharko du. Bazkaldu ondotik, Kristian akordeoilariak alaituko ditu bazterrak eta ilunabarrean Iturengo plazan dantzaldia izanen da.

Aranztarrek Senberroko bordan bazkaria

Arantzako Ekaitza elkartekoek, berriz, ia urtero Senberroko bordan bazkaria antolatzen dute. Aurten, halere, zerbait ezberdina egiteko intentzioarekin, Mendaurrera ibilaldia egiteko bertze bide bat hartzea erabaki du. Oinezko ibilaldia herritik 8:00etan abiatuko da. Bagatxerrera joan eta Ekaitzatik barna, Mendaurrera ailegatuko da. Mendaurtik Senberroko bordara jautsi eta bertan jatekoa emanen da. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, elkartean eginen da bazkaria.

Pintadak

Trinitate Eguna hurbiltzean, auzolanean enbaltseetako bankuak eta Mendaurko ermita garbitu egiten dituzte urtero iturendarrek. Aurten ere hala egin da, baina lan horiek egin ondotik, pintadak agertu dira eskualdeko bertze hainbat herritan bezala. Kasu honetan, España ageri da idatzia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun