Malerrekako Zerbitzu Orokorreko Mankomunitatearen zerbitzuan euskara teknikari aritzeko deialdia egin du Malerrekako Mankomunitateak. Euskara teknikariaren borondatezko baja garaia ordezkatzeko deialdia da eta, aldi berean, hautaketa prozesua gainditu dutenen zerrenda osatuko da, mankomunitate horrek erabili ahal izanen duena behin behineko langileen kontrataziorako, hau da, bajak, oporrak edo Bai Euskarari proiektua garatzeko, bertzeak bertze.
Bete beharrekoak
EGA titulua edo baliokideaz gain, Unibertsitate diplomatu titulua eta ibilgailuak gidatzeko karneta, B mailakoa bederen, eskatzen da, baita ibilgailua izatea ere. Hautatua suertatzen dena, Malerrekako Zerbitzu Orokorreko Mankomunitaterako euskara normalizatzeko plan orokor eta sektoriala diseinatu, inplementatu eta jarraipena egin beharko du, bertze lanen artean.
Ekainaren 19a baino lehen
Eskabideak Malerrekako Zerbitzu Orokorreko Mankomunitatean aurkeztu beharko dira ekainaren 19ko 14:00ak baino lehen. Lehiaketak gehienez 25 puntuko balorazioa izanen du eta oposizioaldiko proba guztien gehienezko balorazioa 75 puntukoa izanen da. Honetan, hiru proba eginen dira, lanpostuan beharrezkoa den euskara gaitasun espezifikoa neurtzeko, ezagutza teorikoak neurtzeko eta lanpostuko jarduera praktikoarekin lotutako gaitasunak neurtzeko.