Saioa Alkaiza iruindarrak irabazi du bigarrengoz Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 2a

Eskolarteko bertsolari txapelketako finalistak, 14 eta 18 urte arteko kategorian. TTIPI TTAPA

Josu Sanjurjo lesakarra bigarren izan zen Donezteben eta Euskal Herriko txapelketarako txartela lortu dute biek

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, 14 eta 18 urte bitartekoen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zen larunbatean Donezteben. Iaz bezala, Saioa Alkaiza iruindarrak jantzi zuen txapela. Saio dotorea egin zuen Alkaizak eta horri esker iaz Iruñean lortutako lehen postua eskuratu zuen berriro. Txapeldunordea ere iazko bera izan da, Josu Sanjurjo lesakarra. Biek ordezkatuko dute Nafarroa ekainaren 20an Altsasun jokatuko den Euskal Herriko txapelketan.

Hamar bertsolari

Doneztebeko zineman 60 lagun inguru elkartu ziren finala ikusteko eta haien aurrean etorkizun handiko bertsolariak direla erakutsi zuten oholtzara igo ziren hamar gazteek: Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Haizea Beruete, Patxi Castillo, Ioar Tainta, Josu Sanjurjo, Irati Arrieta, Maialen Belarra, Egoitz Gorosterrazu eta Amaia Elizagoien.

Heldu den asteburuan 14 urte artekoak

Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien bertsolari beteranoek banatu zituzten sariak: txapeldunaren txapelaz gain, oroigarri bana eta abenduan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako gonbidapen bana. Heldu den asteburuan 14 urte arterakoen Nafarroako Eskolartekoen Bertsolari Txapelketaren finala eginen da Larraintzaren, han ospatuko den Nafarroako Bertso Eskolen egunarekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun