Giro ederrean egin dira Donezteben Erreka elkartearen eguneko ospakizunak

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 1a

Goitian, Erreka eta izarren arteko partida jokatu zuten jokalariak. Beheitian, Juan Telletxea kanako enborra mozten. TTIPI TTAPA

Juan Telletxea presidenteak kanako enborra 26 minutuan moztu zuen eta hainbat omenaldi egin dira

Ortziral eta larunbatean ospatu zuten Donezteben Errekaren Eguna eta asteburua ezin hobe joan da. Ortziralean, Sanbak Mont Blanc-eko igoeraren ikusentzunekoa aurkeztu zuen Leku-Eder zineman eta giro herrikoi eta mendizalea izan zen. Mus txapelketan berrogei bikote aritu ziren eta horie nartean Jaba eta Juanjo atera ziren txapeldun (urdaiazpikoa eta trofeoak) eta Maite eta Edurne gelditu ziren bigarren (trofeoa eta txuletak).

Kanako enborra 26 minutuan

Halere, egun handia larunbata izan zen. Goizean, eskubaloian ttikienen txanda izan zen eta eguerdian, Oskar Mindegiak gidatzen duen judo eskolakoek ere bere erakustaldia eskaini zuten. Eta zer erran, Juan Telletxea aizkolari eta Errekako presidenteak emandako erakustaldiaz! Kanako enborra (bi metro terdiko diametroa) 26 minutuan moztu du, plaza betetzen zuen jendearen txalo zaparrada artean.

Izarrak nagusitu ziren

Arratsaldeko eskubaloi partidei dagokienez, Errekako mutiko jubenilek galdu egin zuten Lagunak taldearen kontra. Gero, neska jubenilen eta garai bateko taldekideen arteko lehian, gazteak nagusitu ziren juxtu-juxtuan, partida orekatu eta eder baten ondotik. Segidan, Errekako talde nagusiaren eta izarren arteko partida. Izarrek izar direla erakutsi zuten, eta 37-42 irabazi zuten. Taldean, Niko Mindegia eta Ibai Meoki Errekako jokalari ohiekin batera Crowley, Beuchler, Agirrezabalaga, Txokarro, Aldunate, Peciña, Txabarri eta bertze hainbat jokalari handi aritu ziren.

160 lagun afaltzen eta hainbat une hunkigarri

Bestak Santa Luzia Plazan segida izan zuen, 160 lagun bildu baitziren afaltzera. Hemen ere sorpresak izan ziren. Hasteko, Xabi Bañaresek prestatutako ikusentzunekoa, Erreka elkartearen historiari buruzkoa. Txomin Mindegiak Errekaren lana goraipatu zuen eta taldekideek domina bana jaso zuten, aurtengo bigarren postuaren oroigarritzat eta Ibai Mariezkurrenak txapeldunordeen kopa altxatu zuen. Hori gutti balitz, orduantxe agertu ziren plazara Gorka Bidegain eta Iñaki Gurrutxaga, bizikleta gainean Luchon eta Doneztebe arteko 360 kilometroak egin ondotik. Hauek ere eszenatokira igo eta txalo zaparrada ederra jaso zuten.

Errekako banderina Elbruserako bidean

Uztailean Elbrusera joateko asmoa dute Tomas Sanz eta Sanbak Errekaren banderina jaso zuten Juan Telletxea presidentearen eskutik, Europako gailurrean jarri dezaten. Azkenik, Pablo Elizondo Errekako kideari eta urtebetean 35.000 bixita baino gehiago izan dituen elkarteko blog arrakastatsuaren egileari ere omenalditxo bat eskaini zitzaion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun