Lesakako Beti Gaztek Gipuzkoako Preferentera igotzea lortu du

Aitor AROTZENA 2009ko ekainaren 1a

Beti Gazte taldea, zaleak harmaila betetzen, Beñat Maia hirugarren gola sartzen eta igoera lortu ondoko ospakizuna. Egun handia izan zen larunbatean Mastegin. TTIPI TTAPA

Doneztebe Futbol Taldeak Nafarroako Kopako finalerdia jokatuko ditu

Lesakako Beti Gazte futbol taldeak berriz ere Gipuzkoako Preferente mailan jokatuko du. Honela, elkarteak 70 urte beteko dituen urtean (1940an sortutakoa da) Gipuzkoarko Gorengo kategorian ariko da. Horretarako garaipena nahitaezkoa zuen larunbatean Mastegin jokatu zuen partidan. Mutrikun 1-0 galdu zuen eta emaitza horri buelta emateko zaleek Mastegiko harmailak bete zituzten eta banderaz, bufandaz eta txarangaz animatu zuten etxeko taldea. Mutrikutik ere zale aunitz hurbildu ziren Lesakara eta giro ederra izan zen. Kotte Iantzi entrenatzaileak honako jokalariak erabili zitue: Telletxea II.a atepean; Ladix Caballero, Jon Telletxea, Jon Otxoteko eta Xabi Maritxalar Errandonea gibelean; Xabi Maritxalar Etxabide eta Oier Iantzi euskarrian; Mikel Irigoien, Beñat Maia eta Ibai Mitxelena zelai erdian eta Beñat Saralegi aitzinean.

Ongi hasi eta ongi bukatu

Partida ezin hobe hasi zen Beti Gaztekoentzat, oraindik minutua bete gabe zegoenean Mikel Irigoienek hegaletik egindako jokaldia golean gauzatu zuenean. Partida hasi orduko kanporaketa berdindua zuten Beti Gaztekoek, baina gutti iraun zuen pozak, mutrikuarrek 18. Minutuan buruz egindako gol batekin berdindu baitzuten markagailua. Honela, lesakarrek bi gol sartu behar zituzten promozioa irabazteko, etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza baitute. Lehenbiziko minutuen ondotik, Beti Gaztekoak nagusitzen hasi ziren zelai erdian, Mutrikuk joku zuzena egiten zuen bitartean, bere aurrelarien bila. Honela, Beti Gaztekoak aitzinetik jarri ziren markagailuan, Ibai Mitxelenak area ertzetik egindako jaurtiketarekin sartutako gol bikainarekin. Beti Gazteren aldeko 2 eta 1eko markagailuarekin ailegatu ziren atsedenaldira, baina etxekoek bertze gol bat behar zuten kanporaketa alde jartzeko. Hirugarren gol hori Beñat Maiak egin zuen, bigarren zatiko ordu laurdena bete zenean. Baina oraindik ordu erdi falta zen partida bukatzeko. Beti Gaztek nahiko ongi eutsi zien mutrikuarren ahaleginei eta etxekoan laugarrena hurbilago ikusi zen, gipuzkoarren bigarrena baino. Halere, gol bat aski zen kanporaketari buelta emateko eta horregatik azkenera arte sufritu behar izan zen. Epaileak partidaren bukaera adierazi zuenean, eromena jokalari eta jarraitzaileen artean eta bestak luze iraun zuen Lesakan. Partidan izan zen kiroltasunaren erakusgarri (nahiz eta Mutrikuko zaleren bat epaileak jotzen saiatu), bi taldeek elkarrekin egin zuten afari-berendua.

Doneztebe kopako finalerdian

Nafarroako Erregionaleko Lehen Mailako Kopako finalerdia jokatuko du Doneztebe Futbol taldeak, igandean ezustea eman eta Beriain taldeari 2 eta 4 irabazita. Joaneko partida 2-3 galdu zuten doneztebarrek, baina itzulikoan, Asier Hernandorena eta Iker Irazokiren golekin buelta eman zioten kanporaketari. Beriaingoek 1-2koa sartu zuten bigarren zatiaren erditsuan, baina berriz ere Hernandorenak 1-3koa egin zuen donetebarrentzat. Emaitza horrekin Doneztebek aitzinera egiten zuen, baina luzapeneko denboran, Beriainek kanporaketa berdintzen zuen 2-3koa sartu zuen. Halere, luzapenean ongi aritu ziren Doneztebekoak eta korner batean finalerdirako txartela ematen zuen gola sartu zuen Ander Bertizek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun