Baserri auzoetan posta ontzi kontzentratuak jartzearen kontra agertzen ari dira Udalak

ttipi-ttapa 2009ko maiatzaren 29a

Hainbat baserri eta etxe berezien postontziak batera biltzeko intentzioa du Correos-ek. TTIPI TTAPA

Etxalarko udalak Correos-en asmoaren kontra onartutako mozioarekin bat egin dute batzuk

Etxalarko udalak berriz ere jakinarazi du posta ontzi kontzetratuak jartzearen kontra dagoela. Posta zerbitzutik eskutitza bat bidali da uztailaren 1etik aitzinera sistema aldatu eta Etxalarko baserri auzo guzietan, Gorosurretan, Lakain-Apezborron, Orizkin, Larrapil-Sarrikun, Lurriztiederran eta Urritzokietan, posta ontziak leku bakarrean bildu nahi duela erranez. Asmo honen kontra agertu da behin eta berriz Etxalarko udala.

Correos-ko ordezkariarekin bildu ziren maiatzaren 26an

Baina Etxalarkoaz gain, udal gehiago ere badira Correosen asmoaren kontra eta hori argi utzi zioten maiatzaren 26an Burlatan egindako bileran Pablo Delgado Manguan, Correos-eko Zerbitzu Periferikoen buruari. Bilera hartan ziren Bera, Sunbilla, Zugarramurdi eta Etxalarko udal ordezkariak, baita bertze eremuetako jendea ere (Pirinioak, Basaburua, Atez,…). Bilera horretan argi utzi zioten posta Correos-eko ordezkariari ez dutela inolako aldaketarik nahi. Arazo honen aitzinean, Etxalarko udalak ekimen bat abian jarri du. Dagoenekoz Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Doneztebe eta Zugarramurdiko Udalek bat egin dute Etxalarren onartutako mozioarekin eta hurrengo asteetan Leitzaran bailara eta Pirineo osorat zabaldu nahi dute jarrera.

Bertze zerbitzuak ailegatzen diren lekuetara ez du ailegatu nahi Correos-ek

Mozio horretan ageri denez, hainbat arrazoi ditu Etxalarko Udalak postontzi kontzentratuak jartzearen kontra azaltzeko. Duela sei urte ere gauza beretsua erran zitzaion Correos-i, honek aipatzen dituen etxebizitzak ez direla etxe baztertuak adieraziz, “baizik Etxalarko auzoak osatzen dituztenak, entitate desberdinak eta onartuak izanik”. 503-2007 Errege-Dekretuaren arabera, inguru bereziak zerbitzu publikoak emateko erabiltzen den edozein bidetik 250 metro baino urrutiago dauden etxeak dira eta horren harira, zera jakinarazi zaio Correos-i, “Bortzirietako Mankomunitateek bere zerbitzuak ematen dituztela, inongo arazorik gabe, auzo horietan dauden etxeetan”.

Bereiztasuna arau bihurtu

Gainera, aipatutako Errege-Dekretu horrek dioenez, posta-bidaltzeen entrega postontzi kontzentratuetan egitea, etxeko entregaren aldean sistema alternatiboa eta berezia da, baina Etxalarren kasuan, “bereiztasun hori araua bihurtu nahi dutela” salatu dute udal ordezkariek. Arrazoi horiek guziak kontuan hartuz, Etxalarko Udaldak bere desadostasuna azaldu dio Correos-i Etxalarren postontzi kontzentratuak jartzearekin eta erabaki honen berri ematen ari dira Bortziriak, Malerreka, Sunbilla, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko udalei. Sunbillako kasuan, errate baterako, baserri auzoetakoak ez ezik, herriguneko auzo berri batzuetan ere gauza beretsua egiteko asmoa omen du Correosek, hau da, postontziak auzo sarreran bildu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun