23 urtez beheitiko txirrindulari afizionatuei zuzendutako Bidasoako Itzulian errusiarrak nagusitu dira. Lokomotiv taldeko Dimitry Ignatievek irabazi du sailkapen orokorra eta Alexander Ryabkin taldekidea izan zen bigarren, maiatzaren 9an, Agiña eta Erlaitz pasatu ondotik Irunen akautu zen hondar etapan bigarren eta hirugarren izan ondotik. Etapa hori, sailkapen orokorrerako aukerarik ez zuen Caja Rural taldeko Ruben Garciak irabazi zuen. Bezperan, Bera-Bera etapa hunkigarria izan zen. Afizionatuen mailako txirrindularitzan ere ikuskizunak izaten dira eta Berako helmugan halako zerbait gertatu zen. Etapa Andaluziako Eloy Ruizek irabazi zuen, biren arteko esprintean, Patrick Facchini andaluziarra menperatuz. Tropela 4 segundora sartu zen. Baina Altzateko Plazan paratua zegoen helmugarako 200 metro falta zirela, Goya dendaren parean, erortze haundia izan zen. Eroritakoetan zegoen Pieter Serry, etapan izandako ihesaldian ibilitako belgiarra eta horri esker, mendiko eta tarteko helmugako sailkapen buruan paratu zena. Helmugaratzeak sari horiek zituen beretzat, baina lepauztaia eta sorbalda-hezurra hautsi zituen. Halere, ez zuen etsi Serryk eta 200 metro horiek DYAko medikuaren eta taldeko teknikari batek lagunduta oinez egin zituen eta helmugaratzea lortu zuen, Altzateko Plazan bildutako zaleen txalo artean. Polita izan zen eta podiumean, bi maillotak jaso zituenean ere, beretzat izan ziren txalorik handienak. Azken etapan ez zuen laisterketan ateratzerik izan, baina erakustaldi ederra eman zuen belgiarrak!