Jean Joseph Jorajuria eta Miren Azkarate eskertu dituzte Herri Urratsen

Franck DOLOSOR 2009ko maiatzaren 29a

Alde batetik, Pascal Indo Seaskako presidenta, Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko burua eta Frantxoa Maitia Akitaniako president ordea saria ematen Jean Joseph Jorajuriari. Bertze argazkian, Mi

Euskaltzale eta hautetsien artean giro ona nagusi

Senperen nork ez du ezagutzen Jean Joseph Jorajuria? Karrika nagusiko zurgin ohiak ehunka herritar lagundu ditu urteetan suhiltzaile izan baita denbora luzean. 1984az geroz, urte guziz aintziraren inguruan ospatzen den Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestari ere laguntza eman izan dio behin baino gehiagotan. Maiatzeko bigarren igandean, suhiltzaileak aintzirako sartze nagusian biltzen dira zer nahi gerta eta hantxe urteetan Jorajuria ikusi ahal izan dute euskaltzaleek. Laguntza hori eman izana eskertu nahi izan diote bestaren antolatzaileek. Hogoita seigarren Herri Urrats bestaren inaugurazioan, Pascal Indo Seaskako buruzagiak gogoratu zuen Senpereko suhiltzaileen buru izan dena beti «baikor» agertu dela lan egiteko «kittorik». Seaskakoek ez zuten ahantzi Jorajuriari esker loturak sortu direla Lapurdi eta Legazpiko suhiltzaileen artean. Isilean eta urteetan egin duen lana eskertzeko margo bat eskaini zioten, egun guziz etxe aintzinean alkiaren gainean jarrita erretretaz goxatzen den senpertarrari. Bertzalde, azken urteetan euskal gobernamenduaren izenean Miren Azkaratek eman duen laguntza haundia ere eskertu nahi izan zuen Seaskak. Euskarazko milaka liburu Iparraldeko liburutegietan banatzeaz gain, Azkaratek azkarki lagundu ditu ikastolak eta euskal elkarteak, eta lan sakona egin du Iparraldeko egitura publikoekin elkarlanean aritzeko euskara sustatzeko. Herri Urrats egunean, Azkaratek ez zuen kargu publikorik baina gomitatzea baitezpadakoa zela zioten Seaskakoek. Donostiarrak «ez adiorik» erranaldiarekin bururatu zuen mintzaldia eta argiki erran zuen prest dela lanean segitzeko. Euskal Herriko Unibertsitatean eta Euskaltzaindian dituen bulegoen ateak denei irekiak direla argi utzi zuen. Bere agurra momentu hunkigarria izan zen eta esku zarta zaparrada luze batekin, eguneko luzeenarekin, bururatu zen. Orain ez da batere argi zer laguntza emanen duen sozialista eta popularren esku gelditu den Eusko Jaurlaritza berriak.

Giro onean

Urteetan, haserrea izan da nagusi euskaltzale eta hautetsien artean. Halere, giroa arrunt aldatu eta lasaitu da. Horren lekuko izan zen Herri Urratseko ekitaldi nagusia, sentsibilitate guzietako hautetsiek parte hartu baitzuten: horien artean, José Bové sindikalista ezaguna, Europako bozen karietarat kanpainan ibilki zena. Aintziraren inguruan, besta, musika eta dantza nagusi ziren bitartean, Ur Hegia etxean Max Brisson EEPko buruak gogoratu zuen zuzentzen duen egiturak Seaska laguntzen segituko duela. Bere erranetan ikastolak beharrezkoak dira biharko euskal irakasleak, kazetariak eta zerbitzu publikoetako langileak prestatzeko. Haizea alde baita, hauxe izan da aurtengo bestaren leloa...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun