Bertizko Partzuergo Turistikoko hotelen elkarteak, promozio eta fidelizazio ekimen bat martxan paratu du. Hotelek bezeroei emanen dieten pasaporte bat da eta bertan, pasako dituzten gauak erregistratuko dira. Honela, bortzgarren gaua igarotakoan, seigarrena doan izanen da. Pasaportea bezeroaren izenean eginen da, eta aukera ematen du bertze bi onuradun agertzeko. Horrela, bi gau pasa dituen bezero batek, pasaportea lagun edo senide bati ematen ahal dio, behar diren bortz gauak osatzeko eta seigarrena doan izatea ahalbidetzeko. Ekimen honetan Barojaren País del Bidasoa deitura aprobetxatu da. Parte hartzen duten hotelak, Baztan-Bidasoakoak dira: Etxalarko Benta Hotela (Etxalar), Ameztia Hostala (Doneztebe), Donamariako Benta Hostala (Donamaria), Ezkurra Hostala (Ezkurra), Saskaitz Hotela (Elizondo) eta Elbeteko Posada Hostala (Elbete). Pasaporteak urtebeteko iraupena izanen du, bezeroari ematen zaion egunetik hasita. Ekimen hau Partzuergoa osatzen duten elkarte desberdinetako lanen adibide bat bertzerik ez da, izan ere, egun, Partzuergoa udarako dinamizazio proiektuen prestakuntzan murgilduta dago, lehena Natura eta Artisautzaren Feria izanen dal, igande honetan, hilak 31, Bertizeko Natur Parkean.