Erreken egoera hobetzen segitzeko akordioa sinatu dute Gobernuak eta Ur Konfederazioak

Utzitako argazkiak 2009ko maiatzaren 28a

Udal ordezkariak informazio jardunaldian. TTIPI TTAPA

Informazio jardunaldia egin zuten hilaren 15ean Bertizko Parkean

Kantauri aldera isurtzen duten Nafarroako erreken egoera hobetzen segitzeko asmoak aitzinera segitzen du. Maiatzaren 15ean horretarako elkarlan hitzarmena sinatu zuten Bertizko Natur Parkean Begoña Sanzberro Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta Jorge Markinez Kantauriko Ur Konfederazioko presidenteak. Sinadura ekitaldiaz gain, informazio jardunaldia ere izan zen eta bertzeak bertze, Bortziriak, Malerreka, Basaburua, Bertizarana eta Baztango udal ordezkariek eta arrantza elkartetako kideek parte hartu zuten.

Orain arte egindakoa

Bi erakundeek azken urteetan egindako lanaren berri eman zen eta horren arabera, 2005etik honat 15 proiektu landu dira eta 2009an bertze 10 bukatzea aurreikusia dago. 2005-2009 urteen artean, erreken egoera hobetzeko 2,55 milioi euro inbertitu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ur Konfederazioak. Zehazki, 2005az geroztik arrainendako zortzi eskala egin ditu Gobernuak Bidasoa errekan eta Tximista, Zia, Zeberia eta Artesiaga erreketan eta Baztanen Opoka presaren erdiko zatia bota du. Gainera, 171.588 euroko dirulaguntza eman zion Baztango Udalari erreka bideratzeko zenbait lan egiteko. Konfederazioak, bere aldetik, Bidasoa errekan eta Tximista, Latsa eta Onin erreketan ere oztopo batzuk kendu ditu.

Aurten 1,6 milioi euroko inbertsioak

2009an egin beharreko proiektuei dagokienez, 1,6 milioi euroko aurrekontua izanen dute eta erreken egoera ekologikoa hobetzera bideratuak izanen dira. . 45 lanpostu ere sortuko omen dute lan hauek. Nafarroako Gobernuak Leitzako piszifaktoriako nazan arrainendako eskala eginen du, 115.000 euroko aurrekontuarekin eta bertze bi eskala eginen ditu Oronoz-Mugairiko zentraleko nazetan, Marin eta Zeberia erreketan, 130.000 euroko aurrekontuarekin. Lehendik aipatu bezala, zenbait udalek ere erreken garbiketa lanak egiteko dirulaguntza hartu dute Nafarroako Gobernutik. Kantauriko Ur Konfederazioak ere inguru honetako erreketan eskalak eraiki edo botatzeko lanak eginen ditu, 990.000 eurorekin; zaborra kenduz erreka bazterretako egoera ekologikoa hobetzeko bi proiektu gauzatuko ditu, 400.000 euroko aurrekontua izanen dutenak eta Bidasoa ibaiaren inguruan inbaditzaileak diren zuhaitzen kontra 84.000 euro erabiliko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun