Espainiako Gobernuaren dirulaguntzarekin egitekoak ziren lanak akitu dira. 27.256 euroko subentzioa hartu zuen Udalak eta horrekin plaza ingurua zolaberritu da. Coyser enpresa arduratu da eta goiko argazkian ageri den bezala gelditu da. Bertzalde, Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuak Udalari eman dion 14.070 euroko dirulaguntzarekin, hiru langile kontratatu dira mantenimendu lanetarako. Ofiziala, bigarren mailako ofiziala eta peoia, hirurak herritarrak, maiatz hasieran hasi ziren lanean, eta bi hilabete eta erdiz ariko dira. Hauek izanen dira euren eginbeharrak: pilotalekua pintatu eta hango paretak eta sareak konpondu eta herriko kaltzada eta hondatuak dauden harrizko paretak konpondu. Joan den urtean Enplegu Zerbitzuko dirulaguntzarekin kontratutako langileek Herriko Etxean sartzeko ezinduentzako arrapala bat egin zuten, eta aurten, arrapala hori aprobetxatuz, ostatura sartzeko ate berria eginen da.