Bi urte barru, etorkizunean herria nolakoa izanen den zehaztuko duen Hirigintza Plana esku artean izatea espero du Udalak. Horrela azaldu dio Alberto San Miguel alkateak Ttipi-Ttapari. Martxo hondarrean Hirigintza Plana egiteko deialdia egin zuen Herriko Etxeak eta sei arkitektu talde aurkeztu ziren. Orain, aurkeztutako dokumentazioa aztertzen ari dira eta San Miguelen hitzetan, «ekainerako aukeratzea espero dugu». Behin lana esleituta, «bi urteren buruan egina izanen dela uste dugu», dio alkateak. Legealdia akitzerako, beraz. Aitzineko legealdian ekin zion Udalak Hirigintza Plana lantzeari, baina azken udal hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zela-eta, denboraldi batez ordezkaririk gabe egon zen Herriko Etxea, eta horregatik bertan behera gelditu zen asmoa. Halere, orain, aitzinera segitzen du.
Depositu berriko lanak bide onetik
Ur depositu berria eraikitzeko lanak aitzinera doaz. Udalak martxo hasieran esleitu zion obra Sasoi enpresari, eta alkateak aipatu digunez, hilabete edo hilabete eta erdi barru depositu berria akitua egonen da. Lan hauen aurrekontua 128.487eurokoa da eta bere garaian iragarri bezala, Nafarroako Gobernuak 60.012 euro bideratuko ditu.