Udalak Nafarroako Gobernuaren eta Cederna Garalur elkartearen laguntzaz antolatuta, Udaberriko Feria egin zen maiatzaren 8an hirugarren aldiz. Horren barne, Malerrekako Ahari Lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Aurten 11 buru aurkeztu ziren. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia izaten bada ere, aitzineko edizioetan gorriak bakarrik azaldu ziren. Aurten, berriz, ahari muturbeltz ederra aurkeztu zuen Urrozko Eustasio Mariezkurrenak eta beretzat izan zen 120 euroko saria. Mutur gorrien atalean, joan den urtean bezala, lehen sailkatua Sunbillako Pixarnekobordako Jose Bernardo Bazterrikaren aharia izan zen eta 120 euro eskuratu zituen. 70 euro bigarren saria Ezkurrako Ibia baserriko Ana Isabel Mutuberriak eskuratu zuen eta 50 euro hirugarrena Elgorriagako Barbeneko Juan Mariezkurrenak. Dena den, ahariak baino gehiago behi buruak agertu ziren, aunitz bere aretxeekin, baita zaldiren bat edo bertze ere. Nekazaritzako tresneria ere ikusgai egon zen, nahi zuenak erosteko. Bitartean, eskualdeko artisauen lanen erakusketa eta salmenta ere izan da. Berez, Merkatu Plaza ondoan egotekoak ziren, baina euriaren beldur, Eliz atarira eraman zituzten.