Ikasturte amaierarekin batera, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ailegatu da bere azkenera. Bertsozale Elkarteak antolatuta, 14 eta 18 urte bitartekoen finala larunbat honetan, maiatzak 30, eginen da, Zineman. 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izanen da. Hamar bertsolari gazte ariko dira taula gainean: Saioa Alkaiza (Iruña), Irati Majuelo (Iruña), Haizea Beruete (Iruña), Patxi Castillo (Bera), Ioar Tainta (Lesaka), Josu Sanjurjo (Lesaka), Irati Arrieta (Sunbilla), Maialen Belarra (Doneztebe), Egoitz Gorosterrazu (Ituren) eta Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi). Bi fase izanen ditu saioak. Lehenengoan bertsolari guztiak ariko dira eta horietako seik bigarren faserako txartela lortuko dute. 14 urte artekoen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 6an eginen da Larraintzarren, Nafarroako Bertso Eskolen egunean.