Ekainaren 7an eginen da Gasna Feria Eguna

ttipi-ttapa 2009ko mai. 28a, 15:34
Herritar nahiz kanpotik etorritako jende aunitz biltzen da Gasna Feria Egunean. TTIPI TTAPA

Nobedade gisa, moto eta bizikleta zaharren erakusketa prestatu du Altxata Kultur Elkarteak

Urtero bezala, ekaineko lehenbiziko astehondarra berezia izanen da Etxalarren. Altxata Kultur Elkarteak antolaturik, XVII. Gasna Feria Eguna eginen da ekainaren 7an. Goizean goizetik, ekitaldi andana izanen da plaza bazterrean. Aurtengo nobedade nagusia moto eta bizikleta zaharren erakusketa izanen da. Horrekin batera, Andre Mari Elkarteko emakumeek eskulan erakusketa paratuko dute Kultur Etxean eta haurrentzako aisialdi-tailerrak izanen dira plazan goiz osoan. Eguerdian, gasna-lehiaketa eginen da. Bazkaldu aitzinetik sarituen izenak emanen dituzte eta ondotik, herriko trikitilariek saio berezia eskainiko dute. Ohiturari segituz, «abesti desberdin eta animatuak» eskainiko dituztela aitzineratu digu Nagore Ansalas irakasleak. 14:00ak aldera, herri-bazkaria eginen da frontoian. Beti bezala, artisau eta eskulangileen postuak paratuko dituzte goizez frontoian eta plazan. Euskal Herri osotik etorritako artisauen lanak ikusi eta erosteko aukera izanen da. Arratsaldean, Andre Mari Dantza Taldeko dantzari ttikienek euren saioa eskainiko dute, 18:00etan plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun