Pintada faxistak ugaritu dira eskualdean azken sei hilabeteetan

ttipi-ttapa 2009ko maiatzaren 28a

Goiko argazkia Donezteben egindakoa da; hurrengoa Berako Herriko Etxeko arkupeetan; eta bertzeak Lesakako Herriko Etxean eta Artesiagan. TTIPI TTAPA

Berriki Baztanen azaldu dira, Artesiagan, Iruritako eliz atarian eta Arraiozen

Ez da pintada faxistak agertu diren lehenbiziko aldia, baina ugaritzen ari dira. Joan den urteko azaroaz geroztik Ttipi-Ttapak hartzen duen eskualdean zabaltzen ari dira falangisten izenean egindako pintadak. Iazko azaroan Donezteben Islamari buruzko erakusketa bat hartu zuen egoitzan agertu ziren lehenik. Bidelagun Elkartearen ekimenez, azaroaren 3an Islamari buruzko erakusketa zabaldu zen baina ateak itxi aitzinetik pintadak egin zituzten azaroaren 10eko goizean. Pintadak garbitu eta ezabatu arren, gehiago egin zituzten azaroaren 11tik 12ra. Aldi horretan, gainera, erakusketa zegoen ateari silikona paratu zioten. Amaiurren Nafarroako konkistaren 500. urteurreneko karietara egin zen ekitaldian, oroigarria ere pintada faxistekin agertu zen. Ekitaldia otsailaren 1ean egin zen eta goiz horretan Naparra España da, Gora España, Viva Cristo Rey eta Gabatxos maquetos agertu ziren idatziak. Arantza eta Igantzira hartzeko biribilgunean ere azaldu ziren. Lesakan elizarako bidean heriotz mehatxuak agertu ziren gero eta maiatzaren 9ko goizaldean Bera eta Lesakako Herriko Etxeetan gehiago. Hala nola, Berako alkatea eta zinegotzi ohi batzuk, presoak zein bertze herritar batzuk mehatxatu zituzten, eta Euskara bai komunismoa ez edo Orain gere terrorismua asi bihar da ere idatzi zuten. Berriki Baztanen agertu dira, Frankismoan bortxazko lanak egin zituzten presoen omenez, maiatzaren 16an Artesiagan paratutako eskulturan, erraterako. Omenaldia egin eta biharamunean azaldu ziren. Falange Baztanen izenean, Viva Cristo Rey, Irebazi giñun ta beti irebeziko eta gisako idatziak agertu ziren, baita zenbait baztandarren kontrako mehatxuak ere. Iruritako eliz atarian ere egin zituzten, Gerra Zibilean Francoren alde hil ziren baztandarrak goraipatuz. Arraiozen Xotero Etxandiren kontrako pintadak azaldu ziren. Azkenak Iturenen egindakoak dira, Trinitate Egunerako gutti gelditzen den honetan, ermitan eta enbaltseetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun