Maiatzaren 21erako deitutako grebak jarraipen zabala izan zuen eskualdean. Industria arloan batez ere, kasik erabatekoa izan zen geldialdia eta lantegi haundienak, Lesaka eta Legasako Arcelor, Condesa, Funvera, Savera eta bertze hainbat guziz itxiak egon ziren egun osoan. Zalain eta Alkaiaga industrialdeetan langileen %90a baino gehiagok greba egin zuela aipatu zuten ELA eta LABeko iturriek. Malerreka aldean ere, Aparan industrialdeko lantegiak itxi zituzten. Eguneko arazo bakarra Donezteben gertatu zen. Informazio piketeek herrigunera sartu nahi zuten, komertzioetan informazioa banatzeko, baina Guardia Zibilak eragotzi eta zuzenean industrialdera sartzera behartu zituzten. Leitzaldean grebaren segida erabatekoa izan zen. Leitzako lantegirik haundiena, Sarrio, itxita egon zen, eta komertzio eta ikastetxe guziak ere bai, Goizueta eta Areson bezala.
Komertzio eta ikastetxeak
Komertzioen arloan, Bera eta Lesakako denda gehienak itxi zituzten, Lesakan %90 inguru eta Beran %70. Arantzan denda eta ostatu guziak itxi zituzten. Sunbillan ere erabat itxi zutela aipatu zuen ELAko Joxe Mari Arribillagak, baina Doneztebe eta Elizondo aldeko komertzioetan greba ez zen erabatekoa izan. Arribillagaren arabera, greba aitzinetik, Lesaka, Bera, Doneztebe eta Baztango merkatarien elkarteekin bildu ziren grebaren berri emateko eta haiek euren problematikaren berri eman zieten sindikatuei. Hala, zenbait dendek 10:00ak arte ireki eta gero itxi zituzten. Bertze batzuk egun osoan zabalik egon ziren. Ikastetxeetan ere segida zabala izan zuen grebak. Ikastola zein eskola publikoetan guttieneko zerbitzuak bete zituzten. Toki-Ona institutuan dozena bat langilek greba egin zuten. Leitzaldeko ikastetxeetan ere ez zen klaserik izan. Herriko Etxeen kasuan, Bera eta Lesakakoa itxiak egon ziren, baina guttieneko zerbitzu gisara, langile bana eduki zuten, badaezpada, larrialdiren bat gertatuz gero. Leitzaldean ere berdin. Autobus enpresek ere guttieneko zerbitzuak bete zituzten. Bera, Leitza eta Lesakako kiroldegiak ere itxi zituzten.
Mobilizazioak
Greba egun honetan hainbat langilek parte hartu zuten moilizazioetan Goizean goizetik Zalain industrialdean hainbat bildu ziren, lantegietan informazioa zabaltzeko. Goizean 5:00etarako Guardia Zibila ere Condesa lantegiaren inguruan zebilen. Gero, 8:30k aldera, foruzainek ere bete zituzten zainketa lanak. 9:00etan kotxe karabana handia abiatu zen Zalain industrialdetik, eta Alkaiagako industrialdetik eta Berako herrigunetik pasatuta, Lesakako bidea hartu zuen. Han ere, erabat itxiak zeuden Otsango industrialdea eta Arcelor lantegitik pasatu ondotik, herrigunera joan zen. Hortik, Iruñerako bidea hartu zuten, eguerdian egin zen manifestazioan parte hartzera. Arratsaldean 19:00etan Baztan-Bidasoako manifestazioa egin zen Lesakan, gizarte eragileek deitua. 500 bat lagun bildu ziren. Leitzaldean ere, Sarrioko langileak lantegian eta gero herrian zehar ibili ziren, informazioa banatzen. Langileek ez zuten aparteko gorabeherarik izan, herriko komertzio guziak itxiak baitzeuden goiz goizetik. Goizuetan kontzentrazioa egin zen eguerdian. Arratsaldean, Leitzan manifestazioa egin zen eredu ekonomiko eta sozial justoaren alde.