Gure herri izaera suntsitzeko eta menpeko bihurtzeko saiakera amaigabeei aurre egin die behin eta berriz herri zahar honek. Mendeetan zehar egindako erresistentziaren lorpenek eta nazio eraikuntzan emaniko aurrerapausoek gure herria gurutzbide garrantzitsu baten aurrean kokatu dute, hots, jendartearen gehiengoak nahi eta behar duen aldaketaren aurrean, zapalkuntza eta inposaketa tresna guztiak baliatuz, herri honetatik urrutti dauden interesen mesedetan jarraitu asmo dutenak daude. Bidegurutze honek urduri jarri ditu zapalkuntzaren bide zidorrak jorratzeko hautua egin asmo dabiltzanak. Horrela, salbuespeneko neurrien bitartez, beraien helburu politikoak erdiesteko intentzioz kolpatzen dute herria; erbestean, kartzelan edota kartzela bidean dira Euskal Herriaren burujabetza eta izaeraren defendatzaile diren ideiak. Ezkabatik Puerto de Santa Mariara salto egin badugu ere, bizi baldintza kaxkarrenetan eta heriotza-zigor berdinez mehatxatuak dira gatibu dituzten herrikideak. Saminez gogora datozkigu bide horietan gelditutakoak, Kotto laguna erraterako. Bortxara derrigortu nahi gaituzte halabeharrez; euskaldunak eskubiderik gabeko jende multzo batean bihurtuz. Gaztelako jauntxoen oinordekoek, beren helburuak lortzeko xedez, errepresioaren azeragailua ondoraino sakatu eta zigor eredugarriak jarriaz, bidenabar, beldurra hedatuz ari dira etenik gabe; herri zahar honen sugarra bizirik mantentzeko ezinbertzekoak diren bitartekoak hankazpian, debekaturik eta suntsitze bidean direlarik: Euskararen ofizialtasunaren aurkako legediak, hezkuntza sistema propioa izateko ezintasuna, drogen erabilera politiko ekonomikoa, langileon eskubideen aurkako legediak… Oraingoan, jai herrikoiak jarri dituzte jo puntuan. Lesakako txoznetan kamiseta batzuen salmentarekin zerikusia omen duten 6 lesakar inputatu ditu Guardia Zibilak, baita Audientzia Nazionalerako bidean jarri ere. Herriak sortutako eremuak kriminalizatzeaz gain, herriaren aldeko edozein konpromiso hartzea zigorrarekin lotu nahi dute. Denboran gibelera egiten badugu, frankismoaren esentziak bizirik dirauela konturatuko gara, lehengo lepotik burua beraz. Horrelako neurrietaz baliatu dira, Iruñeko nahiz Gasteizko legebiltzarretan espainiar proiektuaren defendatzaileak jaun eta jabe izateko. Legedi berdina erabili zuten eskualdeko udal ilegitimoak eratu (Sunbilla, Lesaka eta Baztan) eta herriak aukeratutako ordezkariak kanpoan uzteko. Lapurren abizenak, NaBai bezala sinatuak daude oraindik-orain. Jakitun gara, horrelako neurri antidemokratikoak urteen poderioz botereak pozoindutako jendarte eredu sumiso, akritiko, desideologizatu eta manipulatuaz baliatuz inposatzen dituztela. Albako Dukearen oinordekoek eredu zaharberritua martxan jartzea ezinbertzekoa dute. Horretarako, Beamontar garaikide leialen beharrean dira. Ezker Abertzale «berria» deitzea gustuko dutenek, Rubalcabaren txaloak jasotzen ari direnak, hain xuxen, salbuespeneko araudietaz baliatzen ari dira, herri borondatea kontuan hartu gabe inposatzen ari diren proiektu txikitzaile aunitz babesten dituzte eta ezkertiar eta abertzaleon aurkako sorgin ehiza, laguntza bezala aplikatzen zaigulakoan daude. Gure herria galbidera eramaten dituzten bide horietatik pasa direnen esperientziak ikasgai nahikoa beharko lukete berriz harri berdinean ez erortzeko. Espainiara lotzen gaituzten kateak sendotzeko lanean dabiltza bertzeak. Beraien historia hurbilak utzitako itzalen asotsa ezaguna dugu; hainbat euskaldunen heriotza tarteko. Lesakan bizitutakoak ez digu esperantzarako argirik uzten; errepresioaren atzaparkadak larrutik ordaintzen dituzten bizilagunak babestu ordez, eztabaida desitxuratu eta herri mugimendua kriminalizatzeari ekin diote. Han eta hemengo jeltzaleen botere nahiz diru gosea asegaitzak direla erakusten ari digute. Horrelako jokabideak dituztela jakitun ote dira, ordea, NaBai bozkatzen dutenak? Finean, estatuen estrategiaren jomugan Ezker Abertzaleko kidegoa egonik ere, Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatzea da beraien nahia; herri bezala egiten gaituzten zurtoinak desegitea dute helburu: «Aitaren teilatua garrantzitsua izanik ere, ez dezagun ahantzi ezinbertzekoa dela amaren sua: hizkuntza, usadioak, gure kultura, gure izaeraren adierazleak. Horiek gabe nekez dugu Euskal Herria eraikiko. Agian bertze zerbait eraikiko litzateke, baina erdal herria izanen litzateke», hain xuxen ere. Historian izaniko akatsetatik ikasiz, gure herriaren biziraupena lortuko duen eszenatoki bat irabazteko xedez jarraitu beharrean gaude abertzaleok; justizian oinarritutako demokrazia, alegia. Gure herriak pairatzen dituen erasoak erantzun eta eraikuntza lanean aritzeko abertzaleok batu behar dugu.Arduraz jokatzea, alderdikeri jokoak baztertu eta gure herriaren interesen mesedetan aritzeko baliabide eraginkorrak martxan jartzea da. Senecak zioen bezala, «no es el hecho de que las cosas nos parezcan inaccesibles la razón de que no nos atrevamos, es el hecho de no atrevernos, la causa de que nos parezcan inaccesibles». Irabaz dezagun Euskal Herria!
Xotero Etxandi, Mikel Altzuart, Julen Mitxeltorena, Begoña Igoa, J.E Txoperena, Iban Maia, Josu Goia, Iñaki Gogortza, Josu Iratzoki, Aitor Telletxea, Irati Lujua, Faustino Marizkurrena, Enkarna Andueza.
Hautetsiak eta hautetsi ohiak.