• 11 urterekin sorterria utzi eta Donostiako etxe batera neskato joan zen Angeles Ganboa (Sunbilla, 1931). Geroztik Gipuzkoako hiriburuan bizi da.
• Ezkondu eta haurrak hazitakoan, oparitzeko gauza zaharren denda bat ireki zuen Donostiako Urbieta kalean. Orain, 30 urte beranduago, likidazioan jarri du.
• Urte aunitz Sunbillatik kanpo, baina halere, herrira bisita aunitz egindakoa da. Haurrak Sunbilla eta Donostia artean hazi zituen. Bere euskara ere ez du galdu.
Jaiotzez sunbildarra, baina gaztea zinela Donostiara joan zinen...
11 urterekin etxe on batera neskato etorri nintzen Donostiara. Sunbillako gizon bat Donostiako alaba batekin ezkondua zegoen, etxe onekoa, eta probatzeko ekarri ninduten. Ama ere lasai gelditu zen ezagunak zirelako.
Nolakoa izan zen jaioterria utzi eta Donostiara joatea?
Ez zen hain gogorra izan. Tarteka arratsetan triste xamar egoten nintzen baina jende ona aurkitu nuen.
Sunbilla herri ttikia, Donostia haundia. Aldaketa haundia izan zen?
Toki diferentea zen bai. Halere, orduan Donostian auto gutti zegoen eta erraza zen ibiltzeko. Berehala hasi nintzen haurrekin kanpora eta ni ibiltzen nintzen tokia behinik behin lasaia zen. Horrela ezagutu nuen Donostia. Igandetan, Ategorrietara joaten nintzen. Attaren arreba bat han egoten zen, Iruritako lagun batekin etxe bat zaintzen eta haiengana joaten nintzen haurrekin batzuetan eta gabe bertzeetan.
Zenbat urtez neskato?
Aunitz. Jendeak pixka bat tendatu zidan gehiago irabazteko eta nik ere aldaketa nahi nuen, eta 17 urterekin edo, Añorgara joan nintzen Errezolaren etxera neskato. Zerbitzu gehiago zegoen han. Gero orain dudan gizona agertu zen, nobio egin eta ezkondu egin nintzen. Ezkondu eta umeak izan nituen.
Eta gero denda ireki zenuen, ezta?
Bai, berandu ireki nuen. Haurrak hazitakoan, batzuk ezkonduak ziren ordurako. Denda ireki nahi nuen eta nolabaitere moldatu ginen. Berehala hasi nintzen lokal baten bila eta Urbieta kaleko hau aurkitu genuen.
Dendak ez du izenik. Zergatik?
Etxean izena paratu behar geniola erran nuen, baina batek bat, bertzeak bertzea, azkenean izenik gabe gelditu zen. Egia erran, berdin zitzaidan, ez nuen uste horrelako beharrik zuenik. Gerora aunitzetan galdetu didate «zein denda hau», «nola du izena?». Eta nik «ba, ez du izenik». Denbora ustekabean pasatu zait. Denda atzo ireki nuela iruditzen zait eta 30 urte pasatu dira.
Zergatik aukeratu zenituen traste zaharrak dendarako?
Ttiki-ttikitatik maite izan ditut. Baserrian erdi puskatuak zeuden gauzak ere nik beti badaezpada gorde egiten nituen.
Eta orain likidazioan dago denda...
Bai, urteak ihes egin didate. Goiz eta atsaldea sobera nuen lan egiteko eta norbait paratu behar zela hasi ginen. Baina azkenean alaba bat prest agertu eta ni goizetan eta bera arratsaldetan egoten da. 78 urterekin ez nago sobera martxarako.
Zein harreman dituzu Sunbillarekin?
Sunbillara aunitz joandakoa naiz, eta ezkonduta gehiago. Haurrak Sunbilla eta Donostia artean hazitakoak dira.
Horrenbertze urte Donostian eta Sunbillako euskarari eusten diozu...
Neskato egon nintzenean, euskaldunak izanagatik ez zuten hitzik ere egiten euskaraz etxean. Baina nik nola utziko nuen ba euskara? Ez, gure solasa horixe da, euskara.
«Neskato egon nintzenean, euskaldunak izanagatik ez zuten hitzik ere egiten euskaraz etxean. Baina nik nola utziko nuen ba euskara? Ez, gure solasa horixe da, euskara».