Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da larunbatean Doneztebeko Zineman

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 27a, 13:46
14 urte artekoen eskualdeko kanporaketa maiatzaren 15ean egin zen Beran. Finala ekainaren 6an jokatuko dute Larraintzarren. TTIPI TTAPA

14 eta 18 urte arteko hamar bertsolari lehiatuko dira 19:00etatik aitzinera

Ikasturte amaierarekin batera, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ailegatu da bere azkenera. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, 14 eta 18 urte bitartekoen finala larunbat honetan, maiatzak 30, eginen da, Doneztebeko Zineman. 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izanen da.

Hamar bertsolari

Hamar bertsolari gaztetxo ariko dira taula gainean: Saioa Alkaiza (Iruña), Irati Majuelo (Iruña), Haizea Beruete (Iruña), Patxi Castillo (Bera), Ioar Tainta (Lesaka), Josu Sanjurjo (Lesaka), Irati Arrieta (Sunbilla), Maialen Belarra (Doneztebe), Egoitz Gorosterrazu (Ituren) eta Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugairi).

Bi fase

Bi fase izanen ditu saioak. Lehenengoan bertsolari guztiak ariko dira eta honako lana egin beharko dute: gai orokorra emanda bertso bana, zortziko handian bukaera emanda bertso bana eta lau oinak emanda bina bertso. Hortik sei bertsolari sailkatuko dira bigarren faserako eta honako lana egin beharko dute: zortziko handian ofizioka bina bertso, zortziko txikian ofizioka bina bertso eta, azkenik, kartzelan bi ariketa, zortziko txikian puntu bati erantzun eta gaia emanda bertso bana kantatzea.

Ttikienen finala ekainaren 6an Larraintzarren

14 urte artekoen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 6an eginen da Larraintzarren, Nafarroako Bertso Eskolen egunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun