Erreka elkartearen Eguna ospatuko da larunbatean Donezteben

ttipi-ttapa 2009ko maiatzaren 28a

Oskar Mindegiak gidatzen duen judo eskolako kirolariek zortzi domina eskuratu berri dituzte Nafarroako Kirol Jolasetan. TTIPI TTAPA

Ortziral arratsean ere zenbait ekitaldi izanen dira, denboraldi bikaina behar bezala akitzeko

Erreka Kirol Elkarteak antolatuta, larunbat honetan, maiatzak 30, besta eguna izanen da. Denboraldi bukaerari behar bezalako akabera emateko, goiz goizean hasita kirol ekitaldiak antolatu dituzte. Aurtengoa hirugarren edizioa izanen da. Larunbata baino, lehen, ortziral arratseko 20.00etan Alejandro San Miguel “Sanba”k Mont Blanc-eko igoerari buruzko ikusentzunekoa eskainiko du zinean eta segidan, pintxo jatea eta mus txapelketa izanen da plazoletan.

Larunbata egun handia

Larunbatean ere hainbat ekitaldi prestatu ditu Erreka elkarteak. Goizeko 10etan Errekako gazteen eskubaloi partidak jokatuko dira kiroldegian: alebin neskak, alebin mutikoak eta infantil neskak. 12:00etan Errekako judo eskolakoen erakustaldia izanen da. 13:00etan, aizkolaria ez ezik Errekako presidente den Juan Telletxeak kanako enborra moztuko du. 16:00etan jubenil mailako mutilen eskubaloi partida jokatuko da Erreka eta Lagunak taldeen artean. 17:00etan ikusmin handia sortu duen eskubaloi partida jokatuko da: jubenil mailako egungo nesken eskubaloi taldekoak orain dela urte batzuetako jokalarien kontra. 18:00-18:30ean Errekako talde seniorra Iruñeko talde misto baten kontra ariko da eta bertan Portland eta Anaitasunako jokalariak ere ariko omen dira. Gauean herri afaria izanen da Santa Luzia Plazan. Txartelak ortzeguna bitarte salgai daude 25 euroan eta honako menu hau izanen da: Txorizoa sagardoan egosia, ajoarriero, txuleta eta izozkiak. Ondotik, dantzaldia eta gaupasa izanen da Jalisko Bandekin.

Luchon eta Doneztebe arteko 307 kilometroak egin nahi ditu Gorka Bidegainek

Errekaren Egunean izugarrizko balentria lortu nahi dute 4 txirrindularik, hoien artean Gorka Bidegain doneztebarrak: Luchonetik Doneztebera dauden 307 kilometroak biziketa gainean egin, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Peyresurd, Aspin, Tourmalet, Soulor-Aubisque binomioa, Ahuski eta Izpegi igoko lituzke, baina oraindik orain Tourmalet itxia dago. Gorkarekin batera Alex Maymo kataluniarra, Iñaki Gurrutxaga oriotarra eta Asier Ruiz de Eguino zumarragatarra saiatuko dira ibilbidea osatzen.

Judo eskolak zortzi domina

Aipatzekoa da, larunbat eguerdian erakustaldia eskainiko duten Errekako judo eskolakoek, berriki zortzi domina eskuratu dutela Nafarroako Kirol Jolasetan. Oskar Mindegiaren gidaritzapean urtero-urtero sari ederrak ekartzen dituzte Doneztebera eta aurten ez da guttiago izan. Hain zuzen, neska benjaminetan, Naxara Jauntsarasek zilarrezko domina eskuratu du 34 kiloz beheitiko kategorian eta June Apeztegiak brontzezkoa 38 kiloz beheitikoan. Infantil nesketan, Ana Mindegiak zilarrezko domina lortu du 57 kiloz beheiitkoan. Benjamin mutikoek lortu dute domina uztarik handiena. 30 kilo baino guttiagoko kategorian Haritz Bereauk zilarra lortu; 38 kilo baino gurriagokoan Ibai Apeztegiak ere zilarra eta 52 kiloz beheitikoan finalean ezin sartu eta brontzezko domina bana lortu zuten Kaiet Iriarte eta Manex Etulainek. Mutiko alebinetan, azkenik, Eneko Herrerak brontzezko domina lortu zuen 42 kiloz beheitiko kategorian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun