Areso laugarren izan da 680 kiloko Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketan

ttipi-ttapa 2009ko mai. 26a, 11:13
Erandioko Goiherri A taldea nagusitu da 680 kiloko lur gaineko sokatira txapelketan. TTIPI TTAPA

Donato Larretxea Urrezko Aizkora finaletik kanpo utzi du Arrospidek

Goiherri A taldeak irabazi zuen lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako txapela 680 kilotan, maiatzaren 23an Gipuzkoako Endoian jokatutako saioan. Erandiokoek hirugarren jardunaldiko txanda eta tiraldi guztiak ere irabazi egin zituzten. Horrenbestez eta ez zuten arazorik izan txapela bereganatzeko. Pisu horretan aritu diren sei taldeek jardun dute lehian; Goiherri A (644 kilo), Gaztedi (654 kilo), Getxo (678 kilo), Areso (652 kilo) eta Mutriku (659 kilo). Laukizko Gaztedi izan zen txapeldunordea. Laukizkoak (Bizkaia) bigarren izan zien lehen bi jardunaldietan, baina larunbatean berdindu egin zuen Aresorekin. Mutrikuk bigarren sailkatzea lortu zuen larunbatean eta hirugarren izan da sailkapen orokorrean, Aresoren aitzinetik.

680 kiloko hirugarren jardunaldiko sailkapena:

1.Goiherri A (Erandio, Bizkaia): 15 puntu
2. Mutriku (Gipuzkoa): 8 puntu
3. Gaztedi (Laukiz, Bizkaia): 6 puntu
Areso (Nafarroa): 6 puntu
5. Goiherri B (Erandio, Bizkaia): 2 puntu
6. Getxo (Bizkaia): puntu 1

680 kiloko azken sailkapena:

1. Goiherri A (Erandio, Bizkaia): 18 puntu
2. Gaztedi (Laukiz, Bizkaia): 13,5 puntu
3. Mutriku (Gipuzkoa): 11,5 puntu
4. Areso (Nafarroa): 9,5 puntu
5. Goiherri B (Erandio, Bizkaia): 7 puntu
6. Getxo (Bizkaia): 3,5 puntu

640 kiloko kategorian hasiko dira orain

Euskadiko Txapelketak heldu den larunbatean, maiatzak 30, segituko du Laukizen (Bizkaia), eta 640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da. Areso kategoria honetan ere arituko da eta bigarren jardunaldia ekainaren 13an jokatuko da Bizkaiako Martiartu-Goiherrin. Ekainaren 21ean, 640 kiloko finala jokatuko da Arabako Maeztun. Segidan, 600 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da ekainaren 27an Bizkaiako Billelan eta uztailaren 4an Mungian. Finala Mutrikun jokatuko da uztailaren 19an. Tartean, uztailaren 11n, 560 kiloko lehen saioa jokatuko da San Cristóbal-Goiherrin. Bigarren saioa uztailaren 25ean eta finala uztailaren 26an jokatuko dira, oraindik zehazteko dauden herrietan. Aresok kategoria guzietan hartuko du parte.

Urrezko Aizkora

Donato Larretxea Urrezko Aizkolarien Banakako txapelketako finaletik kanpo gelditu zen igandean Maeztun (Araba), Angel Arrospideren kontrako finalerdia galdu ondotik.
Larunbatean, berriz, Leitzako Amazabal pilotalekuan gazteen kategorietako lehia ikusgarriak izan ziren. Lehenbizikoan, 19 urtez beherako ligaxkan bigarren eta hirugarren izandako Ruben Saralegi leitzarra eta Oihan Larretxea beratarra izan ziren aurrez aurre. Leitzarra nagusitu zen 11 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Berakoak 42 segundu gehiago behar izan zituen lana bukatzeko. Azpeitiako finalean, ligaxkan buru izan den Ander Erasunen kontra ariko da Saralegi.
Hain zuzen, Ander Erasun 23 urtez beheitiko kategoriako finalean ere aritzeko txartel baten bila aritu zen Ugaitz Mugertza mutrikuarraren kontra. Aurtizkoa nagusitu zen, 16 minutu eta 44 segunduan bukatu baitzuen lana eta Mugertza II.ak 18 minutu eta 29 segunduan. Beraz, Atutxaren kontrako finala jokatuko du Erasunek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun