Ibai Meoki doneztebarra eta Totu Iturzaeta elizondarra beraien kategorietako jokalari onenak izendatu dituzte

ttipi-ttapa 2009ko mai. 26a, 12:26
Nafarroako Eskubaloi Federazioak saridunak ortziralean TTIPI TTAPA

Errekak ere saria jaso zuen ortziralean, Nafarroako Eskubaloi Federazioaren eskutik

Nafarroako Eskubaloi Federazioak 2008-2009 denboraldiari dagozkion sariak banatu zituen maiatzaren 22an, ortziral arratsean Fuerte El Principe erresidentzian. Lehen Maila Nazionaleko kirolari onenen sariak eskualdeko bi jokalarik eskuratu dute. Gizonezkoen artean, Anaitasuna taldean utzia ari den TID San Antonioko Ibai Meoki doneztebarrak jasotzekoa zuen, baina Anaitasunarekin Asobal ligara igotzeko promozioa jokatzeko kontzentratua zegoenez (lehen partida Cangasen kontra galdu eta ez zuten helburu hori betetzerik izan), Saioa bere arrebak hartu zuen. Emakumezkoen artean, Lindutx-Baztan BKT eskubaloi taldeko Josune “Totu” Iturzaetak jaso zuen. Aipatzekoa da Totuk aurtengo denboraldia akituta utzi egin duela eskubaloia, hainbat urtez Baztango Kirol Taldean ez ezik, bertze goi mailako taldetan aritu ondotik.

Errekak ere saria

Erreka eskubaloi talde nagusiak ere saria jasoko zuen, bere kategorian bigarren izan ondotik. Juan Telletxea presidenteak ezin izan zuen ekitaldira azaldu, eta Ibai Mariezkurrena presidente ordeak eta taldeko kapitainak hartu zuen saria. Ohorezko mailan, Tomas Svenson Portlandeko atezainak eta berriki liga eta EHF Kopa irabazi dituen Itxako eskubaloi taldeko Nerea Pena izendatu dituzte jokalari onenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun