“El Pais del Bidasoa” pasaportea sortu dute Bertizko Turismo Partzuergoko hotelek

ttipi-ttapa 2009ko mai. 22a, 12:39
Pasaporteak urtebeteko balioa izanen du eta titularraz gain, bi onuradunek erabiltzen ahal dute. TTIPI TTAPA

Bortz gau igarotzen dituzten bezeroek seigarrena doan izanen dute

Bertizko Partzuergo Turistikoko hotelen elkarteak, promozio eta fidelizazio ekimen bat martxan paratu du. Hotelek beraien bezeroei emanen dieten pasaporte bat da eta bertan, pasako dituzten gauak erregistratuko dira. Honela, bortzgarren gaua igarotakoan, seigarrena doan izanen da. Pasaportea bezeroaren izenean eginen da, eta aukera ematen du bertze bi onuradun ere agertzeko. Horrela, bi gau pasa dituen bezero batek, pasaportea lagun edo senide bati ematen ahal dio, behar diren bortz gauak osatzeko eta seigarrena doan izatea ahalbideratzeko.

Eskualdeko sei hotel eta hostaletan

Ekimen honetan Barojaren “País del Bidasoa” deitura aprobetxatu da, pasaporte ideiarekin oso ongi doalarik eta bidaiarien fidelizazio karnetetan erabili ohi den pasaportearen itxura dauka. Parte hartzen duten hotelak, Baztan-Bidasoako eskualde osoan banaturik daude: Venta de Etxalar Hotela (Etxalar), Ameztia Hostala (Doneztebe), Donamariako Benta Hostala (Donamaria), Ezkurra Hostala (Ezkurra), Saskaitz Hotela (Elizondo) eta Elbeteko Posada Hostala (Elbete).

Natura eta Artisautza Feria maiatzaren 31n

Pasaporteak urtebeteko iraupena izanen du, bezeroari ematen zaion egunetik hasita. Ekimen hau Partzuergoa osatzen duten elkarte desberdinetako lanen adibide bat bertzerik ez da, izan ere, egun, Partzuergoa udarako dinamizazio proiektuen prestakuntzan murgilduta baitago, lehena Natura eta Artisautzaren Feria izanen delarik, datorren maiatzaren 31n, igandea, Bertizeko Natur Parkean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun