Lesaka eta Leitzako manifestazio jendetsuekin bukatu ziren greba eguneko mobilizazioak

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 22a, 13:06
Lesakako manifestazioan 500 bat lagunek hartu zuen parte. TTIPI TTAPA

Baztan-Bidasoan eta Leitzaldean industria produkzioa kasik erabat eten zen

Inguru honetan gehiengoa duten sindikatuek apirilaren 21erako deitutako greba jarraipen zabala izan zuen eskualdean. Industria arloan, batez ere, kasik erabatekoa izan zen greba eta lantegi handienak, Lesaka eta Legasako Arcelor, Zalain Transformados-Condesa, Funvera, Savera eta bertze hainbat guziz itxiak egon ziren egun osoan. Zalain eta Alkaiaga industrialdetan langileen %90a baino gehiagok greba egin zuela aipatu zuten ELA eta LABeko iturrietatik. Malerreka aldean ere, Aparan industrialdeko lantegiak erabat itxi zituzten. Maiatzaren 21eko arazo bakarra, hain zuzen, Donezteben gertatu zen. Informazio piketeak herrigunera sartu nahi zuten, komertzioetan informazioa banatzeko, baina Guardia Zibilak hori eragotzi eta zuzenean industrialdera sartzera behartu zituen langileak. Leitzaldean grebaren segida erabatekoa izan zen. Leitzako lantegirik handiena, Sarrio, erabat itxia zegoen, eta komertzio eta ikastetxe guziak ere bai, Goizuetan eta Areson bezalaxe.

Komertzio eta ikastetxeak

Komertzioen arloan, Bera eta Lesakako denda gehien-gehienak itxi zituzten, Lesakan %90 inguru eta Beran %70. Arantzan denda guziak itxi zituzten, maiatzaren 21eko grebaren ondorioz. Sunbillan ere erabat itxi zutela aipatu zuen ELAko Joxe Mari Arribillagak, baina Doneztebe eta Elizondo aldeko komertzioetan greba ez zen erabatekoa izan. Arribillagak aipatu zigunez, greba aitzinetik, Lesaka, Bera, Doneztebe eta Baztango merkatarien elkarteekin bildu ziren, huelgaren berri emateko eta haien beren problematikaren berri eman zieten sindikatue. Honela, zenbait dendek 10:00ak arte ireki eta gero itxi zuten eta bertze batzuk egun osoan zabalik izan zituzten beraien ateak. Halere, Berako Altzate karrikak irudi ikusgarria eskaintzen zuen, goizeko 9:30ean, denda gehien-gehienak itxiak eta karrikan inor ikusten ez zela. Gauza beretsua gertatzen zen Lesakako Plaza Zaharrean ere. Leitzaldean ere erabat itxiak zeuden komertzioak. Ikastetxeetan ere segida zabala izan zuen grebak. Eskualdeko ikastola eta eskola publikoetan Nafarroako Gobernuak ezarritako guttieneko zerbitzuak bete zituzten. Hala, zuzendaria, ikasketa burua eta lau langiletatik bat izan ziren lanean. Toki-Ona institutuan dozena bat langilek greba egin zuten. Leitzaldeko ikastetxeetan ere ezarritako guttieneko zerbitzuak bete zituzten. Herriko Etxeei dagokienez, Bera eta Lesakakoa itxiak egon ziren, baina guttieneko zerbitzu gisara, langile bana zuten, badaezpada, larraialdiren bat gertatuko balitz ere. Leitzaldean ere berdin. Autobus enpresek ere guttieneko zerbitzuak bete zituzten. Bera, Leitza eta Lesakako kiroldegiak ere itxiak zeuden.

Mobilizazioak Leitzaldean

Greba egun honetan hainbat langile aritu ziren mobilizazioetan parte hartzen. Goizean goizetik Zalain industrialdean hainbat langile bildu ziren, informazioa zabaltzeko lantegietan. Goizeko 5:00etarako Guardia Zibila ere Zalain Transformados lantegi inguruan zebilen. Gero, 8:30k aldera, foruzainek ere bete zituzten zainketa lanak. 9:00etan kotxe karabana handia abiatu zen Zalain industrialdetik, eta Alkaiagako industrialdetik eta Berako herrigunetik pasatu ondotik, Lesakako bidea hartu zuen. Han ere, erabat itxiak zeuden Otsango industrialdea eta Arcelor lantegitik pasatu ondotik, herrigunera joan zen. Hortik, Iruñerako bidea hartu zuten, eguerdian egin zen manifestazioan parte hartzera. Arratsaldeko 19:00etan Baztan-Bidasoa eskualdeko manifestazioa egin zen Lesakan, gizarte eragileek deitua. 500 bat lagun bildu ziren manifestazioan. Leitzaldean ere, Sarrioko langileak lantegian eta gero herrian zehar ibili dira, informazioa banatzen. Langileek ez dute aparteko gorabeherarik izan, Leitzako komertzio guziak itxiak baitzeuden goiz goizetik. Goizuetan kontzentrazioa egin zen eguerdian. Leitzan ere manifestazioa egin zen “eredu ekonomiko eta sozial justoaren alde”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun