Hainbat langile parte hartzen ari da greba eguneko mobilizazioetan

Aitor AROTZENA 2009ko maiatzaren 21a

Langileak Savera lantegiko atarian, kotxe karabanan abiatu baino lehen. TTIPI TTAPA

18:00etan manifestazioa eginen da Leitzane ta 19:00etan Lesakan

Greba egun honetan hainbat langile ari dira mobilizazioetan parte hartzen. Goizean goizetik Zalain industrialdean hainbat langile bildu dira, informazio zabaltzeko lantegietan. Goizeko 5:00etarako Guardia Zibila ere Zalain Transformados lantegi inguruan zebilen. Gero, 8:30k aldera, foruzainek bete dituzte zainketa lanak. 9:00etan kotxe karabana handia abiatu da Zalain industrialdetik, eta Alkaiagako industrialdetik eta Berako herrigunetik pasatu ondotik, Lesakako bidea hartu du. Han ere, Otsango industrialdea eta Arcelor lantegitik pasatu ondotik, herrigunera joan da. Hortik, Iruñerako bidea hartu dute, eguerdian eginen den manifestazioan parte hartzera. Arratsaldeko 19:00etan Baztan-Bidasoa eskualdeko manifestazioa eginen da Lesakan, gizarte eragileek deitua.

Leitzan manifestazioa 18:00etan

Leitzaldean ere, Sarrioko langileak lantegian eta gero herrian zehar ibili dira, informazioa banatzen. Langileek ez dute aparteko gorabeherarik izan, Leitzako komertzio guziak itxiak baitzeuden goiz goizetik. Leitzan, arratsaldeko 18:00etan eginen da manifestazioa, “eredu ekonomiko eta sozial justoaren alde”.

Goizeko arazo bakarra, hain zuzen, Donezteben gertatu da. Informazio piketeak herrigunera sartu nahi izan dute, komertzioetan informazioa banatzeko, baina Guardia Zibilak hori eragotzi eta zuzenean industialdera sartzera behartu ditu langileak.

Grebako irudiak eta jakingarriak igortzeko

Greba eguneko argazkiak edo jakingarriak, ttipi-ttapa@ttipi.net helbidera bidaltzen ahal dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun