Bortzirietako eta Leitzaldeko komertzio kasik guziak itxiak daude

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 21a

Lesakako Plaza Zaharreko eta Berako Altzate karrikako irudiak gaur goizean. Denda gehien-gehienak itxiak zeuden. TTIPI TTAPA

Baztanen eta Malerrekan ez da halako segidarik

Komertzio arloan, Bera eta Lesakako denda gehien-gehienak itxiak daude, maiatzaren 21eko grebaren ondorioz. Sunbillan ere erabat itxiak daudela aipatu digu ELAko Joxe Mari Arribillagak, baina Doneztebe eta Elizondo aldeko komertzioetan greba ez da erabatekoa. Arribillagak aipatu digunez, greba aitzinetik, Lesaka, Bera, Doneztebe eta Baztango merkatarien elkarteekin bildu ziren, huelgaren berri emateko eta haien beren problematikaren berri eman zieten sindikatueik. Honela, zenbait dendek 10:00ak arte ireki eta gero ixteko asmoa azaldu dute. Halere, Berako Altzate karrikak irudi ikusgarria eskaintzen zuen, goizeko 9:30ean, denda gehien-gehienak itxiak eta karrikan inor ikusten ez zela. Gauza beretsua gertatzen zen Lesakako Plaza Zaharrean ere. Leitzaldean ere erabat itxiak daude komertzioak.

Ikastetxeetan ere segida

Ikastetxeetan ere segida zabala izaten ari da greba. Berako Labiaga ikastola eta Lesakako Tantirumairu ikastola itxiak daude eta Berako Ricardo Baroja eta Lesakako Irain eskolan Nafarroako Gobernuak ezarritako guttieneko zerbitzuak bete dituzte. Hala, zuzendaria, ikasketa burua eta lau langiletatik bat izan dira lanean. Toki-Ona institutuan dozena bat langilek greba egin dute. Leitzaldeko ikastetxeetan ere ez da klaserik gaurkoan. Herriko Etxeei dagokienez, Bera eta Lesakakoa itxiak daude, baina guttieneko zerbitzu gisara, langile bana dute, badaezpada, larraialdiren bat gertatuko balitz ere. Leitzaldean ere berdin. Autobus enpresek ere guttieneko zerbitzuak betetzen ari dira. Bera eta Lesakako kiroldegiak ere itxiak daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun