Etxalarko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken goizean

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 20a, 14:34
Arantxa Zubieta, Patxiku Irisarri eta Sixto Jimenez Etxalarko udaletxean, elkarlan hitzarmenaren sinadura ekitaldian. TTIPI TTAPA

Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak eta Sixto Jimenez Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak

Etxalarko udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute maiatzaren 20an, asteazken goizean Patziku Irisarri Etxalarko alkateak eta Sixto Jimenez, Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak. Beraiekin batera, Arantxa Zubieta Etxalarko zinegotzia eta Garazi Lopez de Etxezarreta Eusko Ikaskuntzak udalekin harremanatzeko duen arduraduna izan dira Etxalarko Herriko Etxeko ekitaldian.

440 liburu

Hitzarmen honekin, Eusko Ikaskuntzak, bere argitalpenen bilduma osoa, 440 liburu, eskainiko dio Etxalarko Udalari. Horren erakusgarri, Manuel de Irujoren omenez egindako liburua eta Eusko Ikaskuntzaren sorrerako 1818ko araudiaren faksimila oparitu dizkiote Etxalarko Udalari. Irujoren omenezko liburu horretan, Fernando Mikelarena eta Pilar Erdozainek Etxalar eta Lesakako olei buruz idatzitako artikulu bat ageri da.

300 euroko kuota

Etxalarko Udala Eusko Ikaskuntzaren bazkide Ongile bihurtuko da eta aurten 300 euroko kuota ordainduko du. Modu berean, Etxalarko Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren artean adosturiko kultur ekintza bat prestatuko du Eusko Ikaskuntzak urtean behin Etxalarren. Eusko Ikaskuntzak urtero publikatzen dituen liburuak doan emango dizkio Etxalarko udalari, hitzarmen honek indarrean dirauen bitartean.

Euskal Herrian 99 udalek sinatua dute hitzarmena

Etxalarkoa da gure inguruan Eusko Ikaskuntzarekin elkarlan hitzarmena sinatu duen azken udala. Aitzinetik, Azkain eta Sara (1996) Bera (2003), Lesaka (2005), Senpere (2007) eta Zugarramurdi (2008) bazkide egin ziren. Etxalarkoarekin, Euskal Herrian 99 dira Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena duten udalak, 19 Nafarroan eta 10 Lapurdin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun