Etxalar eta Bera artean ordubetez moztuko da N-121A errepidea ortzegun eta ortziral eguerdian

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 21a, 13:54

Belate eta Almandozko tuneletan ere lanetan ari dira aste honetan, 23:00etatik 5:00etara

Aspaldixko ez genuen leherketen ondorioz errepide mozketarik izan N-121A errepideko lanetan, baina ortzegun eta ortziral honetan, maiatzaren 21 eta 22an, ordubeteko mozketak izanen dira Bera eta Etxalar artean, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez. Zehazki ordubeteko mozketak izanen dira bi egunetan, 12:00etatik 13:00etara, 57 eta 58,7 kilometroen artean.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea ematen segitzen dute 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Berrizaunen 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61,8 eta 62,2 kilometroen artean, 63,7 eta 63,850 kilometroen artean eta 69,500 eta 70,200 kilometroen artean txandaka emanen da bidea.

Belate eta Almandozko tuneletan lanak

Bertze aldetik, igandetik astelehena bitarteko gauean hasi eta maiatzaren 21etik 22rako gauera bitarte, ortzegun-ortziral arratsa bitarte alegia, moldaketa lanak egiten ari dira Belate eta Almandozko tuneletan. Zehazki, gaueko 23:00etatik goizaldeko 5:00ak arte egiten dituzte instalazioen mantenimendu lanak eta tarte horretan,bidea txandaka ematen dute, 28 eta 31 kilometroen artean. Lan hauen ondorioz, gauez tuneletatik igarotzeko baimena duten garraio bereziek, baimenetan agertzen zaien bidetik pasatzen ahal dira, baina egunez.

Goizueta-Hernani artean ere lanak

Leitza, Goizueta eta Hernani lotzen dituen NA-4150 errepidean ere lanetan ari dira, zehazki Goizuetatik abiatu eta Hernanirako bideko lehenbiziko sei kilometroetan, 16. Kilometrotik 22. Kilometrora bitarte. Horregatik, arreta bereziaz gidatzeko eta seinaleei kasu egiteko aholkua eman dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun