Doneztebeko Agorreta Musika eskolan matrikulatzeko epea ireki da

ttipi-ttapa 2009ko mai. 19a, 13:33
Ikasleek musika tresna ezberdinak ikasteko aukera izanen dute. TTIPI TTAPA

Lehendik ikasle direnek maiatzaren 18tik 22ra dute eta ikasle berriek ekainaren 1etik 12ra

Doneztebeko Agorreta Musika Eskolak 2009-2010 ikasturterako matrikulazio epea ireki du. Izena ematen ahal duten lehenbizikoak aitzinetik ikasleak direnak dira, hauek maiatzaren 18tik 22ra apuntatzeko aukera baitute. Baja eman nahi dutenek ere epe bera izanen dute, horretarako arratsaldez eskolatik pasatu eta papera sinatuta utzi beharko dute, bertzela ikasturte osoa ordaindu beharko baitute ikasleek. Modu berean, epe horretan matrikula berritzen ez dutenek eskubidea galduko dute.

Lehengo ikasleak eta ikasle berriak

Lehendik ikasle direnek matrikulatzeko ez ohiko epea ere izanen dute irailaren 15etik 18ra, goizeko 10:00etatik 12.00etara. Ikasle berriek, bere aldetik, ekainaren 1etik 12ra izanen dute izen emateko aukera, arratsaldez Musika Eskolan. Ez ohiko epea ere lehendik ikasle direnekin batera izanen dute, irailaren 15etik 18ra.

Musika tresna ezberdinak

Ikasleek musika tresna ezberdinetan trebatzeko aukera izanen dute, klarinetea, saxofoia, kitarra, kitarra elektrikoa, tronpeta, txistua, pianoa, trikitixa, akordeoia, panderoa edo perkusioa, bertzeak bertze. Helduek ere izen emateko aukera izanen dute, bai beraien tailerretan, baita musika bandan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun