Mendialdeko Ekoagente lehiaketan parte hartzen ari dira Doneztebeko Mendaur eta Berako Toki-Ona institutuak

ttipi-ttapa 2009ko mai. 19a, 12:19
Doneztebeko Mendaur institutuko ikasleak maiatzaren 11n, lehiaketan parte hartzen. TTIPI TTAPA

Sari banaketa ekainaren 5ean eginen da, Europako Ingurumenaren Egunarekin batera

Ikasleek ingurumenaz solasteko, eztabaidatzeko eta lan egiteko Internet erabiltzea erabaki du aurten Cederna-Garalur elkarteko teknologia berrien arloak, Europe-Direct informazio gunearekin batera. Egunero egiten ditugun gauzek ingurumenean zer eragin izan dezakeen ikusteko web-orria sortu dute, www.diadeinternet.garalur.com.

Mendialdeko lau institutu

Web orri horretan zintzilikatutako informazioa oinarri hartuta, lehiaketa bat ere hasi da, DBHko ikasleei zuzendua. Nafarroako mendialdeko lau institutu parte hartzen ari dira lehiaketa honetan: Doneztebeko Mendaur, Berako Toki Ona, Otxagabiako institutua eta Zangozako Sierra de Leyre institutua.

Lehiaketa bi astez

Lehiaketa bi astez egiten ari da. Maiatzaren 11 eta 13an, Internet-en Eguna aprobetxatuz, eta datozen maiatzaren 22 eta 26an. Ingurumena zaintzeko proposamen sortzaile eta originalenak sarituko dira eta sariak ekainaren 5ean banatuko dira, Europako Ingurumenaren Egunarekin batera. Joan den astean, maiatzaren 11n, Doneztebeko DBHko ikasleekin izan ziren Cedernako langileak eta maiatzaren 13an Otsagabian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun