Arrospide, Larretxea, Lopez eta Nazabal Urrezko Aizkoraren finalerdietan dira

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 19a, 09:39
Ruben Saralegi eta Ander Erasun, igandean Mutrikuko Olatz auzoan. Finalerdietarako txartela lortu zuten biek. TTIPI TTAPA

Ander Erasun eta Ruben Saralegik ere txartela lortu dute gazte mailan

Arrospidek, Larretxeak, Lopezek eta Nazabalek lortu dute Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela. Aurretik iragar zitezkeen aizkolariak arituko dira finalean sartzeko lehian. Ezustea izan litekeen bakarra, Lopezek Mindegia menderatu izana da, baina Lezaungoa azkenaldian bikain dabil, eta bertze behin ere garbi utzi zuen hori. Lau saioetan lan bera egin behar zuten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu behar zuten. Hirugarrenik, 60 ontzakoa zeinek azkarrago bota, eta laugarrenik, kana-erdikoa zutik bota behar zuten. Bukatzeko, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren.

Arrospidek Atutxa gaztea menderatu

Larunbat gauean, Arrospidek Atutxa gaztea menderatu zuen. Leaburukoa jaun eta jabe izan zen, eta saio bat ez beste guztietan nagusi izan zen bera. Galdu, iraupeneko proba galdu zuen, baina ordurako tarte handia zuen alde, eta inoiz ez zuen izan sailkapena arriskuan. Bukaeran, lan guztiak burutzeko 16 minutu eta 22 segundo behar izan zituen, eta Atutxak, berriz, 17 minutu eta 50 segundo behar izan zituen.

Lopezek Mindegia

Lopezek, Miel Mindegia beteranoa hartu zuen mendean. Saio gogorra eskaini zuten, baina Lezaungoak tarte handia kendu zion iraupen proban, eta horrek erabaki zuen saioa. Mindegia abiadura proban eta 60 ontzakoarekin nagusitu egin zen, baina Lopezek aurrea hartu zion beste hiruretan. Hala ere, azkenekora bakarrik bi segundoko aldearekin iritsi ziren, baina bukaeran Lopezek ez zuen barkatu. Denetara, 14 minutu eta 19 segundo behar izan zituen berak, eta Mindegiak, berriz, 15 minutu eta bi segundotan burutu zituen egin beharreko lanak.

Larretxea Arriari gailendu eta Nazabal Azurmendiri

Igandean ere ez zen ezusterik izan. Larretxeak Arria V. menderatu egin zuen. Zutikako lanak erabakita utzi zuen dena, ia minutu bateko tartea kendu baitzion. Errezildarrak abiadura proba bakarrik bereganatu ahal izan zuen, gainerakoak nafarrak eraman baitzituen. Lan guztiak burutzeko 17 minutu eta 5 segundo behar izan zuen, eta errezildarrak, berriz, 18 minutu eta 43 segundo behar izan zuen. Nazabalek ere irabazi egin zuen, Azurmendiren aurkakoan. Hor ere zutikako enborrean geratu zen erabakita saioa. Bost probetatik, soilik abiadura proba bereganatu zuen gipuzkoarrak, gainerakoak Etxarrikoak irabazi baitzituen. Lan guztiak 14 minutu eta 34 segundotan burutu zituen, eta Azurmendik, berriz, 16 minutu eta 10 segundo behar izan zituen.

Saralegi eta Erasun finalerdietan

23 urtez azpikoetan, Ruben Saralegi leitzarrak eta Ander Erasun aurtiztarrak mendean hartu zituzten KaƱamares III.a eta Rodriguez II.a, igande eguerdian Mutrikuko Olatz auzoan jokatutako saioan. Saralegik Aitzol Atutxaren kontra jokatu beharko du finalerdian eta Erasunek Ugaitz Mugertzaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun