Kantauri aldeko erreken egoera hobetzeko hitzarmena sinatu zen ortziralean Bertizen

ttipi-ttapa 2009ko mai. 18a, 13:38
Eskualdeko hainbat udal ordezkari izan ziren ortziralean Bertizen, hitzarmenaren sinadura ekitaldian. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuak eta Kantauriko Ur Konfederazioak aurten ere hainbat ekimen eginen dituzte

Kantauri aldera ixurtzen duten Nafarroako erreken egoera hobetzen segitzeko elkarlan hitzarmena sinatu zuten ortziral goizean Bertizko Natur Parkean BegoƱa Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak eta Jorge Markinez, Kantauriko Ur Konfederazioko presidenteak. Sinadura ekitaldiaz gain, informazio jardunaldia ere izan zen ortziralekoa eta horretarako, inguruko herrietako udal agintariak eta arrantza elkartetako kideak ere deituak zeuden.

2005etik honat 2,55 milioi euro

Bi erakundeek azken urteetan egindako lanaren berri eman da eta horren arabera, 2005etik honat hamabortz proiektu landu dira eta 2009an bertze hamar bukatzea aurrikusia dago. 2005-2009 urteen artea, erreken egoera hobetzeko 2,55 milioi euro inbertitu dituzte Nafarroako Gobernuak eta Ur Konfederazioak. Zehazki, 2005etik arraiendako zortzi eskala egin ditu Nafarroako Gobernuak Bidasoa errekan eta Tximista, Zia, Zeberia eta Artesiaga erreketan eta Baztanen Opoka presaren erdiko zatia bota du. Gainera, 171.588 euroko dirulaguntza eman zion Baztango Udalari erreka bideratzeko zenbait lan egiteko. Konfederazioak ere Bidasoa errekan eta Tximista, Latsa eta Onin errekatan oztopo batzuk kendu ditu.

Aurten 1,6 milioi euroko inbertsioak

2009an egin beharreko proiektuei dagokienez 1,6 milioi euroko aurrekontua izanen dute eta erreken egoera ekologikoa hobetzera bideratuak izanen dira. 45 lanpostu ere sortuko omen dute lan hauek. Nafarroako Gobernuak Leitako piszifaktoriako nazan arraiendako eskala eginen du, 115.000 euroko aurrekontuarekin eta bertze bi eskala eginen ditu Mugairiko zentraleko nazetan, Marin eta Zeberia erreketan, 130.000 euroko aurrekontuarekin. Lehendik ere aipatu dugun bezala, zenbait udalek erreken garbiketa lanak egiteko ere dirulaguntza hartu dute Nafarroako Gobernutik. Kantauriko Ur Konfederazioak ere inguru honetako erreketan eskalak eraiki edo botatzeko lanak eginen ditu, 990.000 euroko aurrekontuarekin; zaborra kenduz erreka bazterretako egoera ekologikoa hobetzeko bi proiektu gauzatuko ditu, 400.000 euroko aurrekontuarekin eta Bidasoa inguruan inbaditzaileak diren zuhaitzen kontra 84.000 euro erabiliko ditu.

Inundabilidadea eta eraikigarritasuna

Bertze aldetik, gure inguruan urak hartzen ahal dituen lurrak eta eraikigarritasunari buruz aritzeko batzorde bat osatzea ere onartu zuen Nafarroako Parlamentuko plenoak eta hilabete bateko epean halaxe egin dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun