Institutuetako ikasleak kontzertuak eskainiko dituzte datozen asteetan

Aitor AROTZENA 2009ko maiatzaren 15a

Aurten ere hainbat ikasle bilduko dira institutuetako kontzertuetan. TTIPI TTAPA

Bera, Leitza, Altsasu, Doneztebe eta Lekarozko ikasleek parte hartuko dute eta lehen emanaldia Beran eginen dute astelehenean

Urtero bezala, Bera, Leitza, Altsasu, Doneztebe eta Lekarozko institutuetako ikasleek kontzertuak eskainiko dituzte datozen egunetan, ikasturte guztian musika arloan ikasi eta landu dutena erakusteko.

Beran lehenbizikoa eta Lekarozen azkena

Lehenbiziko saioa Beran eginen da, heldu den astelehenean, maiatzaren 18an. Eztegara pilotalekuan bilduko dira, 17:00etatik aitzinera. Hurrengo hitzordua Leitzan eginen dute maiatzaren 20an. Pilotalekuan izanen da kontzertua, 17:00etan. Hirugarren kontzertua Altsasuko pilotalekuan eginen dute maiatzaren 22an, 17:00etan hasita. Laugarrena Doneztebeko frontoian eskainiko dute maiatzaren 27an, 17:00etatik aitzinera. Azken kontzertua, berriz, Lekarozko institutuko kiroldegian izanen da maiatzaren 29an. Hau ere 17:00etan hasiko da.

Kantutegia

Urtero eskaintzen dituzten doinuak diferenteak izaten dira eta aurtengoan hauek aukeratu dituzte, ohi bezala, batzuk euskaldunak eta bertzeak kanpokoak: Betagarriren “Bidea gara”, Flaco Jimenez-en “Se me olvidó otra vez”, Bob Dylan-en “Like a rolling stone”, Mike Olfield-en “Portsmouth”, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” eta “Izarren hautsa”, azken hau Ken Zazpi taldearen moldaketarekin, “Scotish” kantu tradizionala, Leonard Cohen eta Rufus Wainwright-en “Hallelujah”, Los Bravos-en “Black is black” eta Abbaren “Hung up”, azken hau Madonnaren moldaketarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun