Arraioz Bk ezustea eman eta erraz menperatu zuen Irurita A laxoa txapelketan

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 14a, 16:04

Asteburu honetan zazpigarren jardunaldia jokatuko da

Baztan-Errekako XXX. laxoa txapelketako seigarren jardunaldiko bi partida bakarrik jokatu ziren joan den aste hondarrean, biak B multzokoak. Oitz A taldeak indartsu dagoela erakutsi zuen eta Doneztebe A mendean hartu zuen, 9 eta 4. Arraioz Bk ezustea eman zuen eta 9 eta 2 irabazi zion Irurita Ari. Gisa honetara, Oitz A da B multzoko sailkapen buruan, jokatutako lau partidak irabazita 11 punturekin. Irurita A eta Arraioz B seina punturekin berdinduak daude, baina Iruritakoek 3 partida bakarrik jokatu dituzte eta arraioztarrek 5.

A multzoko partidak bertan behera

A multzoan hiru partida jokatzekoak ziren: Irurita B Hondarribiaren kontra, Irurita C Hondarribiaren kontra eta Oitz B Doneztebe Bren kontra, baina hiruak bertan behera gelditu ziren. Beraz, Irurita Bk segitzen du sailkapen buruan, jokatutako lau partidak irabazi eta 11 punturekin.

Zazpigarren jardunaldia

Aste hondar honetan zazpigarren jardunaldia jokatuko da. A multzoan, Irurita C Doneztebe Bren kontra ariko da larunbat arratsaldeko 18:00etan eta Oitz B Hondarribiaren kontra, igande goizeko 11:30ean. Irurita Bk atsedena izanen du. B multzoan, Arraioz A Irurita Aren kontra ariko da igande arratsaldeko 18:00etan. Arraioz B eta Doneztebe Aren arteko partida gibeleratu egin da eta Oitz Ak atsedena izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun