«Komeni nuke atseden hartzea baina grina hemen dago oraindik»

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 14a, 12:12
TTIPI TTAPA

• Aizkolaririk haundienetarikoa dela aspaldi erakutsi zuen Miel Mindegiak (Ezkurra, 1949), baina oraindik ere sasoiko dago, eta onenen artean.

Enbor gainean eta aizkora eskuetan, bertze kasta bateko gizon bat dela dirudi, nekatzen ez dena. 44 urte igaro dira Miel Mindegiak bere lehenbiziko txapela irabazi zuenetik, eta oraindik ere, gerra ematen segitzen du, haundienen artean. Txapelak ugari, eta trofeoak gehiago. Baserrian, pasilloaren alde banatara paratuak ditu guztiak, eta tartean daude Euskadiko 10 txapel eta Nafarroako 7, baita Munduko Txapelketako pare bat ere. Markak ere aunitz ditu: «marka haundiak egin ditut eta oraingoz ez da inor hobetzen saiatu».

Ttikia zela, familian eta herrian zegoen aizkorarako afizioari heldu zion Mindegiak, eta Ramon Latasa zenaren gomendioei segituz, urruti ailegatu da. 16 urte betetzear zela, Leitzan gazteen mailako lehen txapela irabazi zuen. 18 urterekin bigarren mailako txapelketa irabazi zuen eta apustuak egiten ere, orduan hasi zen:«Anaia eta biok herriko beste bi aizkolariren aurka apustua jokatu genuen. Hura famatua izan zen».
Eta historiara pasatuko den bertze desafioa azaroaren 8an Tolosan Larretxearen aurka jokatuko duena izanen da. 12.000 euro paratuko dituzte bakoitzak jokoan eta 60 ontzako 20na enbor ebaki beharko dituzte. Apustua «nahiko estu» ikusten duela aipatu digu. «Kontrarioa aizkolari ona da, 10 urte gutxiago ditu eta sasoi betean dago. Ni ere aizkolari haundia izandakoa naiz, baina urteak ez zaizkit alferrik pasatu». Halere, lan on bat egiteko gai ikusten du bere burua eta 60 urterekin hori egitea, bada kontent egoteko arrazoia. Egurrak, hori bai, Mindegiak eramanen ditu. Hain zuzen, horregatik ez zuen lortu apustua jokatzeko akordiorik Unai Otañorekin, honek egurren erdiak berak eramanen zituela erran baitzion Mindegiari. Ezkurrako semeak, ordea, ezetz. Lesioek beldurra sortzen diotela ere aitortu digu: «behin adin batera ailegatuta, lesioak nonahi agertzen dira eta sendatzen denbora asko joaten da».
Plazaz plaza, hainbat txoko ezagutu ditu Mindegiak. Eta bat aukeratzeko eskatuta, azkar erantzun digu: Tolosako plaza. Bere garairik onenean, irabazi zuen apustu bat ere gogoan du: «37-38 urterekin 40 kanaerdiko ebaki nituen Mendizabal eta Arrospideren kontra. Bien artean 41 enbor moztu behar izan zituzten, eta halere, irabazi nien».
Aizkora eskuan ez duenean, baserrian egiten du lan Mielek. Gogotik, gainera, esnetarako 100 behik eta 300 ardik lan haundia ematen baitute. Semea –«oso langilea», aitaren hitzetan– eta biak ibiltzen dira.
Baserrian gustura, baina benetako pasioa eragiten diona aizkora da. «Komeni nuke atseden hartzea, baina grina hemen dago oraindik». Ttikia zela «afizioa» zena, «kapritxo» bihurtua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun