Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko 2009ko jaia

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 13a

Bizi euskal eskola. Egunero horretan dihardugulako, egunero aurre egiten diegulako arazoei, egunero Euskal Hezkuntza Sistema Propioaren bidean Euskal Eskola Publiko Berri baten alde aritzen garelako. Sortzen-Ikasbatuaz eskola publiko euskaldunaren eredua bultzatzen duen elkartea da. Eskola euskalduna hizkuntzan eta kulturan Euskal Curriculuma oinarri izanik, eskola partehartzailea eskola komunitate osoaren partehartzea sustatuz, neska mutilen arteko genero bereizketa elikatzen ez duena parekidetasuna bultzatuz eta pedagogia berritzailedun eskola eredua eraikitzen dihardugu. Ikastetxeak bere osotasunean hartzen ditugu, hau da, bertan eskola komunitateko kide guztiek dute lekua: irakasleek, gurasoek, eskola-langileek eta ikasleek. Denon parte hartzea beharrezkoa baita sinesten dugun hezkuntza ereduaren alde.
Gure helburu nagusia Euskal Eskola Publiko Berria lortzea da. Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu Hezkuntza Sistema Propio bat eratzea, zeinetan gure hizkuntza eta kulturaren transmisioa bermatuko den, gure herriko balore eta beste elementu guztiekin batera. Euskaraz aritzen diren ikastetxe publikoen bilgune bihurtu nahi dugu festa hau eta aldi berean gure egitasmoa, gure eredua den eskola publiko euskalduna jendarteratu eta Euskal Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatu. Atera dezagun kalera eta herrira gure eskola proiektua; eskola herria hezteko tresna delako.
Hezkuntzako maila guztietan euskara oinarri izango duen hezkuntza baten alde zaudeten guztioi, gure jaialdira etortzeaz gain, kontzientziatu eta antolatzera deitzen zaituztegu. Indartu dezagun guztion artean eskola publiko euskaldunaren eredua.
Animatu zaitezte Euskal Herriko txoko guztietatik maiatzaren 24an Iruñeko Takonera parkera eta BIZI EUSKAL ESKOLA!!!

Sortzen Ikasbatuaz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun