Azken momentuan agertu ziren errusiarrak nagusitu ziren maiatzaren 2 eta 3ko asteburuan, aintziraren inguruan iragan zen triatloian. Bi egunetan, 1200 kirolari aritu ziren nor baino nor zeruan iduzkia nagusi zelarik.
Igande goizeko frogan, 750 metra igerika, 20 kilometra bizikletez eta 5 kilometra lasterka egin behar ziren Sprint deitu sailean. Bergerac-eko ordezkari bat izan zen onena, oren bat eta hamar minuta eman baitzituen ibilbide osoa egiteko. Ondotik, hiru senpertar ziren: Jerôme Bergara ibarrundarra berrogoigarren tokian, hameka minuta eta bederatzi segundatarat; Alain Munduteguy helbarrundarra hirurogoita bederatzigarren lekuan, hamabortz minuta eta berrogoita hiru segundatarat; eta azkenik Antoine Arnal Saint Christophe ikastetxeko irakaslea ehunta hogoita hamabortzgarren tokian, hogoita hiru minuta eta berrogoi segundatarat. Orotarat, 220 lagunek parte hartu dute lehian eta beraz, argi da senpertarrek toki onak erdietsi dituztela.