Milesker. Hitz hau irakur daiteke egun hauetan Senperen dagoen bandera batean. Aitzineko egunetan, Aupa SPUC afitxak ikus zitezkeen nonahi herrian. SPUC herriko errugbi taldeak berriki egin duen balentria aipatzen dute ikur hauek.
Maiatzaren 3an, Larresororen kontra Landetan jokatu duten Ohore saileko finala ez dute berehala ahantziko Senpereko errugbilariek. Alta, eguna gaizki hasi zuten, Ubiriak eta Arrayagok min hartu baitzuten beroketan. Halere, zelairatu zirenek onena eskaini eta sorpresa haundia sortu zuten. Lehen denboraldiaren bururatzean 26 eta 0 egin zuen markagailuak SPUCen alde. Oren bat geroago, 29 eta 17 zenbakiak ageri ziren markagailu berean. Larresoroko mutilen kopetak ilunak ziren bitartean, poza nagusi zen senpertarren artean.
Kirolariek garaipenaren ikurra erakutsi zuten besta giro paregabean segitzaileak inguruan zituztelarik. «Gutitan bizitzen den poz haundiko momentua izan zela», erran dio Ttipi-Ttapari David Gaillet taldeko kapitainak . Gero, xanpaina edan zuten aldageletan eta ospakizunak segitu zuen Saint Sever-eko herrian.
Gauerdian, jokalariak eta segitzaileak Senpererat itzultzean, garaipena haundizki ospatu zuten berehala Amotzeko Blankartegian. Mendionde familiaren ostatuan «erregeak bezala hartu zituztela» ez du sekulan ahantziko Gaillet-k.
25. urteurrena
Maiatzaren 8an, besta haundia egin zuten Senpereko errugbilariek. Frantziako txapeldunak izan zirela 25 urte bete direla gogoratu zuten eta denbora berean ustekabeko garaipen berria behar bezala ospatu zuten.
Senpertarrek irabaztea sorpresa izan dela diote errugbi adituek eta prentsak. Larresorotarrek Larresoro txapeldun zioten gapeluak prestatu zituzten aise nagusitzea pentsatzen baitzuten. Dena den, ohore saileko ikurra Senperen da orain eta gure herriko taldea Fédérale hiru sailean ariko da hemendik goiti. Frantziako txapelketan sailkatu dira, eta beraz, partida bat jokatu beharko dute oraino ondoko egunetan.