XXII. Baztan-Bidasoako bertsopaper lehiaketako saridunak jakinarazi dituzte

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 13a, 13:35

Sari banaketa ortziral arratsaldean eginen da Berako Kultur Etxean

Botzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Botzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin antolatutako XXII. Baztan-Bidasoako bertsopaper lehiaketako epaimahaiak saridunak jakitera ematen ditu. Guztira laurogeita hamairu lan entregatu ziren eta ondoko hauek izan dira sarituak:

12 urte artekoetan Gorka Sanjurjo lesakarra garaile

12 urte arteko A mailan, guttienez bi bertso edo lau kopla osatu behar zituzten. Lehenbiziko saria, 75 euro eta oroigarria, Gorka Sanjurjo Altzuri lesakarrarentzat izan da "Zure lagun hoberena beste herri batera joan da bizitzera" izeneko bertso-xortarengatik. Bigarren saria (50 euro eta oroigarria) ere Lesakara joan da, Paulo Ramos Zumalde "Ura" gaiari idatzitako bertsoengatik eta hirugarren saria (30 euro eta oroigarria) Xabat Matxikote Sein igantziarrak eskuratu du "Eskolari agur?" bertso-xortarengatik.

12-18 urte artekoetan Maialen Belarra doneztebarra

12 eta 18 urte artekoei zuzendutako B mailan, guttienez lau bertso egin behar zituzten partehartzaileek. 150 euro eta oroigarriko lehen saria Doneztebera joan da, Maialen Belarra Eneterreagak eskuratu baitu "Denboran aurrera, sustraien memorian" bertsoengatik. Bigarren saria (100 euro eta oroigarria) "Inoiz bizitu ez ditudan momentuak" bertsoengatik eskuratu du Oronoz Mugairiko Amaia Elizagoien Varelak eta hirugarren saria, 50 euro eta oroigarria, Irati Arrieta sunbildarrak eskuratu du "Ikasbidaia" lanarengatik

18 urtez goitikoetan Julen Zelaieta

18 urtetik goitikoei zuzendutako C mailan, guttienez zortzi bertso egin behar zituzten eta azkeneko edizioan bezala, Julen Zelaieta Iriarte beratarrak eramanen du 200 euro eta oroigarria duen lehen saria, "Bi nikitik bikinira" izeneko bertso-paperengatik. Bigarren saria (150 euro eta oroigarria), Aitor Arotzena Albizu lesakarrak irabazi du "Senda Vivako azken lintzearen testamendua" izeneko bertso-xortarengatik eta hirugarren saria (100 euro eta oroigarria) "Baina zuk ni galdu ninduzun" izenburua duten bertsoengatik irabazi du Manu Goiogana irundarrak.

Sari banaketa eta eskolarteko txapelketan Baztan-Bidasoako kanporaketa

Sariak Berako Kultur Etxean maiatzaren 15ean, ortzirala, arratsaldeko 18:00etan eginen den ekitaldian banatuko dira. Sari banaketa ekitaldian eskolarteko Baztan-Bidasoako kanporaketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun