Kudeaketa eta marketin tailerrak eginen dira datozen asteotan Leitza, Doneztebe eta Elizondon

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 13a

Izen emateko Cederna-Garalur elkartearen 948 625122 telefonora deitu behar da

Cederna-Garalur elkarteak kudeaketa eta marketin tailerrak antolatu ditu Leitzaldean eta Baztan-Bidasoaldean, negozio-ideia bat duten sustatzaileei, azken bi urteotan sortuak eta sendotze bidean dauden enpresei eta euren jarduera dibertsifikatzeko interesa duten negozioei zuzenduak.

Lehenbiziko tailerra Lekunberrin egin zen eta bigarrena Leitzan eginen da, hilaren 19tik 21era, 14:00etatik 17:00etara. Udaletxean eginen da Merkataritza trebetasunak: nola harrituko ditut nire bezeroak izenburupean. Salmenten profesional on batek behar dituen trebetasunak ikasi eta garatuz, gehiago edo hobeki saltzen erakutsiko da.

Maiatzaren 25etik 27ra, 14:00etatik 17:00etara, Elizondoko Arizkunenean emanen da hirugarren ikastaroa: Publizitatea nire negozioan: Merkataritza-plana. Norbere enpresarentzat merkataritza plana nola landu eta betetzen ikasteko izanen da.

Maiatzaren 26tik 28ra, Doneztebeko erakusketa aretoan, Marketin eta animazioa saltokian ikastaroa eginen da, 14:00etatik 17:00etara. Hondar tailer honetan, saltokia bizitza duen eta bezeroak erakartzeko xarmangarria den gune bihurtzen erakutsiko da.

Informazio gehiagorako edo izen emateko, 948 625122ra deitu behar da (10:00-14:00).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun