Elizaren azpian, Zurginearen ondoan egitekoak ziren paretako obrak akitu ditu Mariezkurrena enpresak. Apirilaren 22an egin zituen. Geroztik kamioiak goiko karrikara erraz pasa daitezke eta bereziki, herritarrok botatzen ditugunak biltzera pasatzen dena. Aurreko Ttipi-Ttaparen ale batean iragarri bezala, lan hauek Espainiako Gobernuaren dirulaguntzarekin egin dira.
Bestalde, Malerrekako Mankomunitateak bi langabe kontratatu ditu markesina edo aterpea eraikitzeko. Hartara, eskolako neska-mutikoak eta Leitza edo Iruñera joan nahi dutenak autobusaren esperoan hor egoten ahal izanen dira.
Bide berria Ollin aldean
Udalak bestelako obrak ere baditu eskuartean. Esaterako, Ollin inguruan bide berri bat ireki nahi du Makotsola aldera joateko. Gisa berean, aipatu, Makarioren borda inguruan garbiketa haundia egin dela. Udalak eginen dituen beste proiektuen artean frontoiko zola berritzearena dago. Egoera kaxkarrean dago eta Udalak konponketak egin nahi ditu. Halere, krisi ekonomikoa dela eta, badirudi, zaila izanen dela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasotzea.
Eskolak ere obra behar
Eskolaren kontua, ordea, airean dago. Ikusi besterik ez dago, bai teilatua eta bai aurrealde nagusia ere, egunetik egunero okerrera doazela eta obra batzuen beharrean daudela.