Saldiasko xixa larreak

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 13a

Udaberriko xixak, polit askoak. TTIPI TTAPA

Jendea hasi da xixak biltzen

Udaberrian gaude, eta, udaberriarekin, xixak biltzeko tenorea izaten da. Bat-batean, jendeak makila hartu, eta paseatzera ateratzen da. Baita langar pixkaren bat ari badu ere. Akaso, baita nahiago ere langarra eta behe lainoa izatea. Hantxe ibiliko da belar artakan gustuko tokietan begira, Gora aldean, Urtas aldean edo Orbaitzu aldean. Hemen ez da, Formigalen bezala, xixa zakurik egiten, eta arraultze pare batekin tortilla egiteko dina bilduz gero kontent!

Ttiki samarrak badira eta gordean badaude, handitzera utzi. Nornahik ikusteko moduan badaude, egur puskaren bat hartu (usteltxea bada, hobe), eta, poliki-poliki, gainean paratu. Susmoa baldin bada norbaitek ere hartuko dituen, orduan ttikiak izanda ere, etxera. Labana hartu, ipurditik ebaki, eta zapi batean bildu-bildu egin eta sakelara. Sumatzen da jendea ari dela aldian bakar batzuk biltzen, edo bakar batzuk baino gehiago, argazkian ageri den moduan. Jendeari zuzenean galdetuta, ez dute gauza handirik kontatu. Horregatik, hor barrena aditutakoekin gelditu behar, eta, badaezpada ere, izen-abizenik eman gabe. Aurre horretan, bi lagun, barrideak, batak besteari: «Izandu izanen haiz, bai, xixa larreak begiratzen?!», erdi baleki bezala, erdi jakin-nahi. Bestearen kontesta: «Bordan izandu nauk ardiak ateratzen». Halako elkarrizketetan egia esaten da; orain, egia osorik ez! Batzuetan, xixatan izandu direla aitortzen dute, eta parekoa lagun ona bada, baita nontsu ibili diren ere. Batzuek diotenez, seme-alabei ere ez zaie aitortzen non izaten diren xixa larreak, denak ez behinik behin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun