Maiatzaren 1ean sekulako jendetza bildu zuen Herriko Ostatuan Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko bertso-desafioak. Xabier Silveira eta Joxe Juan Zubieta Etxabe Aritz Casabal eta Aritz Etxeberria Ministroren kontra aritu ziren. Joseba Olagarai gai-jartzaileak ariketa bereziak paratu zizkien bertsolariei. Bertzeak bertze, Etxalarko hitzei bertsotan aritu behar izan zuten, objektu bereziei bertsotan eta trikitixaren erritmora bertsotan. Gehienetan bezala, Silveira izan zen protagonista eta guztientzat izan zuen zerbait. Olagarai ere ez zen libratu bere zirikaldietatik. Etxalar nahiz inguruko hainbat lagun elkartu ziren eta Julen Zubieta antolatzailea «hagitz gustura» gelditu zen saioak izandako arrakastarekin. Nafarrak izan ziren txapeldunak baina gipuzkoarrek, aitzinerago, «errebantxa» egitea ez dute baztertzen.